Udal dirulaguntzak

Hasiz Hazi beka deialdiaren lehen ebazpena kaleratu du Udalak

Noaua Aldizkaria 2022ko uzt. 18a, 08:24

Kabiene elkarlan gunean urtebetez proiektua garatzeko ekintzaileei zuzenduriko dirulaguntza lerroari lotutako lehen ebazpena kaleratu du Usurbilgo Udalak. Deialdi honetara eskabideak aurkezteko epeak zabalik jarraituko du ordea irailaren 30era arte. Baita lokal komertzial hutsetan jarduera ekonomiko berri bat martxan jarri nahi dutenei zuzendurikoa ere.

Dirulaguntza lerro gehienen ebazpenak kaleratu ditu asteotan Usurbilgo Udalak. Baina badira oraindik, interesdunen eskabideentzat zabalik diren bi lerro irailaren 30era arte; ekintzaileei zuzendurikoak; batetik, merkataritza lokal hutsetan jarduera ekonomiko berri bat martxan jarri nahi dutenei zuzendurikoa, baita proiektu bat garatzeko Kabiene elkarlan gunean urtebeteko egonaldia ahalbidetzen duena ere. 

Kabieneko laguntza lerroari lotuta, maiatzaren 31ra arteko eskaeren ebazpena kaleratu du Usurbilgo Udalak, astelehen honetako, uztailaren 18ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Aipatu moduan ordea, irailaren 30era arte eskabideak jasotzeko epeak zabalik segiko du. Hemen bi laguntza lerroei buruzko xehetasunak:


EKINTZAILEEI ZUZENDURIKO DIRULAGUNTZA LERROAK
Hasiz Hazi Beka
Xedea:
Kabienen urtebeteko egonaldia diruz laguntzea proiektu bat garatzen ari den Beterri-Buruntzako ekintzaileari. Gehieneko zenbatekoa, 1089 euro.
Nori zuzendua:
a)    Beterri-Buruntza eskualdeko udalerriren batean (Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil) erroldatuta dauden pertsonak lehentasunez.
b)    Enpresa proiektu berri bat garatzen ari diren pertsonak.             
c)    Jarduera ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda egon eta lan egiteko leku bat behar duten pertsona fisiko nahiz juridikoak.
d)    Elkarteak.
e)    Sortzaileak, arte eszenikoak, plastikoak, literatura arteak, ikus-entzunezko arte edo kulturako beste zenbait adierazpen artistiko lantzen badituzte.
Oharra: eskaeren lehen ebazpena maiatzaren 31n eta bigarrena irailaren 30ean jakinaraziko da.
Informazio gehiagorako: martxoaren 8ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.

Merkataritza lokal hutsetan jarduera ekonomiko berri bat jartzeko
Xedea:
lokalaren alokairu edo erosketa gastuak ordaintzeko laguntza.
Laguntza: gehienez  5.500 euro hasierako gastuetarako. Gehienez 300 euro hilero alokairua lehen urtean ordaintzeko, gehienez 200 euro bigarren urterako.
Zehaztasunak: lehentasuna izango dute herritarrei eskaintzen ez zaizkien zerbitzuekin lotura duten proiektuek. Baita ixtera doazen edo itxi berriak izan diren jardueren jarraipenekoak diren proiektuek.
Oharra: eskaeren lehen ebazpena maiatzaren 31n eta bigarrena irailaren 30ean jakinaraziko da.
Informazio gehiagorako: martxoaren 8ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.