Zubieta, Urdaiaga, Atxegalde

Jai giroa itzuliko da udako hilabeteotara

Noaua Aldizkaria 2022ko uzt. 19a, 09:46

Kalezar eta Usurbilgo jaien ostean, Zubieta, Urdaiaga eta Atxegalderen txanda.

9 eguneko jai giroa Zubietan
Ohi baino egunbete lehenago itzuliko dira hiru urteren ostean Santio jaiak Zubietara. Uztailaren 23an izango da, larunbatarekin, arratsaldeko 18:00etan jaurtiko duten txupinazoarekin. Amaitu ohi bezala, hilaren 31n. Tartean, kirol jarduerak, goizaldera arte luzatuko diren kontzertu gauak, herritar ororentzako otorduak; jubilatuena, herri-afaria, zikiro jana... 

Urdaiagan jai abuztu hasieran
Zubietakoen ostean, abuztuari ere jai giroan ekiteko Sanestebanen itzulera. Apuntatu zuen agendatan data hauek, hiru jai egun izango baituzte Urdaiagako festetan; abuztuaren 3a, 5a, eta 6a. 

Oporren itzulerarekin, Atxegaldeko jaien buelta
Urdaiagakoekin hasi eta Atxegaldeko festekin amaituko dugu abuztua. 2019ra arte egin bezala, hilabeteko azken asteburuan jai izango dute auzoan; abuztuaren 26tik 28ra hain zuzen.