Duela hilabete pentsio duinen aldeko bizikleta martxak Usurbil eta Euskal Herria zeharkatu zituen; Hego Euskal Herriko 57 herri, baita estreinakoz Ipar Euskal Herriko beste zazpi herri ere. Ekimena Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak antolatu zuen. 13 eguneko martxa Donostian hasi eta Gipuzkoako hiriburuan amaitu zen manifestazio batekin. Tartean, 700 kilometroko bidea osatu zuten.
Aldarri anitz plazaratzen
Ekimenak izandako harrerarekin oso pozik dira antolatzaileak. Udaberrian prestaketa lanekin egin bezala, Potxoenea hautatu zuen iragan astean berriz, bizikleta martxaren inguruko balantzea egiteko: bai tropel barruan bizi izandakoa partekatzeko, baita herriz herri jasotako babesa aztertzeko ere. “Benetako mugimendu soziala dela erakutsi dugu, indarra duela, transbertsala dela”. Ez baita ahaztu behar, gazte mugimenduarekin, mugimendu feministarekin, osasun langileekin, egoitzetako langileekin, langileen mugimenduarekin eskuz esku auzolanean dabiltzala azken urteotan. “Aldarri asko plazara ateratzeko gai dela”, adierazi zion NOAUA!ri Irazu kaleko kultur-etxeko bileraren amaieran, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko kide Jexux Mari Soubies Garatek NOAUA!ri.
Balorazio ezin baikorragoa egin dute beraz. “Zuzen-zuzen joan da toki guztietan”. Ezbeharrik gabe, elkarbizitza giro ederrean. Kanpotik begiratuta, bisitatu dituzten herri eta hiriburuetan, “ikaragarria izan da egin diguten harrera”. Soubiesek nabarmendu duenez, “harrigarria izan da tokian tokiko taldeek erakutsi duten mobilizatzeko gaitasuna”.
“Udazken oso beroa izango denaren” tankera
Astelehenero batzen dira Hego Euskal Herriko hainbat herri eta hiriburuetan deitutako mobilizazioetan. Uztaila hasierara arte elkartu dira plaza anitzetan azken urteotan egin duten moduan. Usurbildik gertuen Donostian. Uda partean etenaldia egingo dute leku gehienetan. Irailean kalera bueltatzekoak dira.
Deialdiotan, “1080 euroko Gutxieneko Pentsioaren aldarrikapena, zerbitzu publikoen defentsa eta zainketa partekatuaren lana nabarmendu nahi ditugu”. Ildo berean, “Gasteizko eta Iruñeko Gobernuei eskatzen diegu 2023ko aurrekontuetan 1080 euroko osagarria sartzeko, estatuko gobernuak gutxieneko pentsio hori erabakitzen duen bitartean”.
Udazken beroa
Azken aldian hedabideetan sarritan entzuten ari garenaren sentsazioa du NOAUA!ren elkarrizketatuak. “Udazken oso beroa izango denaren itxura du”, Soubiesen esanetan. Baina ez dira atzean geratuko. “Iraila etorriko da eta indar handiarekin hasiko gara”, iragarri digu.
Hainbat ekimen dituzte agendan; batetik, lehendik egin izan duten moduan, sindikatuekin bilera erronda, mugimendu sindikalak eta pentsiodunenak zer partekatua badute eta. “Harreman estua dute, pentsioek eta soldatak elkar lotuta” daude eta. Horrez gain, pasa den bizikleta martxan jasotako irudiekin ikus-entzunezko lan bat ekoizteko asmoa ere agertu digute. Eta bizikleta martxak zeharkatu dituen herrietan jaso duten babesa argia izan da; “toki guztietan agertu da erabaki sendoa, helburua lortu arte astelehenetan” plazara ateratzen segiko dutela. Irabazi arte.
Aldarriok herrian txertatzen doazela aipatu digu Jexux Marik. “Ideologikoki ere borroka hau irabazi dezakegu. Aurrerapauso handiak eman ditugu”.