20 urte bete dituen Askatasuna plaza irudiz berritzera doaz

Noaua Aldizkaria 2022ko uzt. 19a, 09:30

Itxuraz berritzera doaz bi hamarkada bete berri dituen Askatasuna plaza. Hala eman du jakitera Usurbilgo Udalak.

Enparantza hau inguratzen duten hormetako irudiak berritzeko diru-kopurua onartu du udal Ogasun Batzordeak, 21.000 euro guztira. Usurbilek artearekin duen loturaren beste elementu bat gehiago dira Arrastaluren irudiak, hau da, herriaren ondarearen parte dira, eta herri ondare hori zaindu eta mantentzeko helburuarekin ere egin dituzte konponketak eta elementu berrien enkargua”, Usurbilgo Udaletik berri eman dutenez. Aste batzuk beharko ditu Arrastaluk irudi berriak sortu eta orain arteko hainbat konpontzeko. Udalaren aurreikuspenen arabera, “udazkenean prest egon daitezke”.
 
“2002an egin zuten Askatasuna plaza, eta gutxira, Karlos Zabala ‘Arrastalu’-ren eskulturek jantzi eta leundu zituzten plazaren hormak. Besteak beste, era askotako herritarrak islatzen dira Arrastaluren irudietan; hogei urteotan, herria haztearekin batera, ugariagoa da Usurbilgo biztanleen jatorria, eta hori muralean islatzeko enkargua egin dio orain udalak Arrastaluri”. Horrekin batera, duela 20 urte jarritako zenbait elementu hondatuak zeudenez, konpondu eta osaketa lanetan jardun du Zabalak, Udalaren eskariz. “93 pieza eta 140 begi inguru berritu ditu, eta 8.800 euroko kostua izan du”, zehaztu dute Udaletik.

Laster, Askatasuna plazak bestelako itxura izango du. “Era askotako irudiak dituzte Askatasuna plazako hormek. Herritarrak, lanbideak, euskal kulturan edo kirol munduan ezagun direnak, paisaiak, kultur adierazpenak... Orain, onartu berri duten partidarekin, azken hogei urteetan Usurbilera bizitzera etorritakoak ere bertan islatu nahi dituzte, herriaren jatorri aniztasuna artearen bidez ere ikusgarria izan dadin. Zenbait aste beharko ditu Arrastaluk guztiak egin eta jartzeko: aurreikuspenen arabera, udazkenean prest egon daitezke”.