"Mila esker eta zorionak #LurraSuaUraHerria kanpainan parte hartu duzuen guztioi!"

Noaua Aldizkaria 2022ko uzt. 20a, 08:01

Iragan hilabetean Nafarroa kolpatu zuten aurrekaririk gabeko suteek eragindako kalteei aurre egiteko Errigorak abian izan duen elkartasun ekimenak harrera ezinhobea izan duela nabarmendu dute. "Herritarren eskuzabaltasunak zeharo hunkitu gaitu berriro ere".

"Mila esker eta zorionak #LurraSuaUraHerria kanpainan parte hartu duzuen guztioi!". Hortxe Errigorak sare sozialen bidez zabaldu nahi izan duen eskertza mezua, azken asteotan abian izan duen elkartasun kanpainarekin bat egin duten guztientzat. Inoizko kalte handienak eragin dituen suteak bizi izan zituzten Nafarroan ekainean zehar, 15.000 hektarea inguru erre zituen suak. "Zalantzarik gabe, hondamendia izan da gure lurrentzat", nabarmendu zuen Errigorak. "Herritarren ordua dela sinetsita, diru-bilketa" abiarazi zuen uztailaren 2an. Errigorak 10.000 euroko ekarpena egin zuen, "unearen larritasuna ulertuta". Ildo beretik, "euskal herritarrei haien ekarpena egiteko eskatu nahi diegu, nork bere ahalaren neurrira, lurra bestela kudeatuko duten proiektuak sustatzeko". 

Uztailaren 15era arte zabaldu zuten ekarpenak egiteko epea, "baina oraindik ere ekarpenak jasotzen ari gara eta, beraz, ez gaude bildutakoaren behin betiko zifrarik emateko moduan". Bistan dena beraz, nabarmentzeko moduko harrera izan du elkartasun ekimenak. "Batek baino gehiagok ohartarazi zigun uztaila eta San Fermin giroa ez zela garai onena halako kanpaina baterako, baina herritarren eskuzabaltasunak zeharo hunkitu gaitu berriro ere. Erantzun zabala izan du ekimenak eta Euskal Herriko bazter guztietatik jasotako ekarpen bakoitzarekin besarkada bero bat sentitu dugu egunotan".

Elkartasun ekimenean jasotako laguntza zehatzaren berri irailean eman asmo dute. "Ekarpena egin duen orori zorrotz kontu eman behar diogula jakitun, erabaki dugu irailean, ekarpena kudeatuko duen mahaia bilduta, jakinaraziko dugula zenbatekoa den eta zer proiektu zehatzetarako erabiliko dugun bildutako ekarpena".