Oriaren jarioa oztopatu ez baina baldintzatu egiten duela dio Kantabrikoko Konfederazio Hidrografikoak; “errekarriak pilatu, landaredia hazi eta zaborra pilatzen da inguruan”. Horregatik, eraistea erabaki dute Ingemar parean kokatua dagoen Errotaberriko presa, Usurbilgo Udalak jakinarazi duenez, ibaia lehengoratzeko asmoz. Presa erabiltzeko esleipen-epea agortuta eta Ingemarreko jarduera eten ondoren hartu dute erabakia. “Aurreikuspenen arabera, bi hilabete beharko dituzte lanak egiteko: uztailetik aurrera egingo dituzte, baina ez modu jarraian, eguraldiaren eta Oriaren beraren emariaren arabera baizik”.
Usurbilgo Udaletik gaineratu dutenez, "uraren emaria etengabekoa da eta presak ez du jauzirik eragiten, baina ingurua baldintzatzen du: errekarriak pilatu, landaredia hazi eta zaborra pilatzen da inguruan. Beraz, lanak bukatutakoan, jatorrizko egoerara itzularaziko dute ibaiaren ibilgua".