Ezkeltzuko parke eolikoaren berri gaur, haren aurkako herri plataformaren eskutik

Noaua Aldizkaria 2022ko uzt. 21a, 09:58

Ezkeltzun eraiki nahi duten parke eolikoaren aurka mugitzen hasiak dira. Andatza-Ezkeltzu Bizirik plataforma osatu dute. Eta plataformak solasaldia antolatu du ostegun honetarako Zizurkilen.

"Txikizioa, energia berdearen izenean". Hala definitu du Andatza-Ezkeltzu Bizirik plataformak Ezkeltzun eraiki nahi duten parke eolikoaren proiektua. "Green Capital enpresak Ezkeltzu inguruan parke eoliko bat eraikitzeko ekimena aurkeztu du. Ia 200 metroko altuerako errota erraldoiak eta errepide zabalak jasotzen ditu proiektuak", gogorarazi du aipatu herri plataformak. Erreklamazioak aurkezteko epean dute egitasmoa. "Hilabete besterik ez dugu proiektuari alegazioak jarri ahal izateko. Defenda ditzagun gure mendia, gure ondarea, gure paisaia".

Ostegun honetarako, uztailak 21, egitasmo honen inguruko berri emango dute beste herri batzuetako esperientziak ezagutaraztearekin batera, arratsaldeko 19:00etan, Zizurkilgo Iriarte kultur etxean. "Zatoz proiektuaren inguruko berri jaso eta beste herri batzuetako esperientziak ezagutzera", luzatu dute gonbita. 

Aurreproiektua 
Gogoan izango duzue, otsailaren 24ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak berri eman zuenez, "Ezkeltzu parke eolikorako aurretiaz aurkeztutako administrazio-baimenaren eskaera iragartzen da". "Green Capital Development XLIV SLU" Madrilgo enpresa batek bideratu zuen eskabidea. Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren izenean zetorren, Industria Administrazioaren Gipuzkoako lurralde-ordezkariaren ohartarazpena zen.

Eskaera hura jendaurrean egon zen 20 egunez. "Arauz ezarritako epean ez da aurkeztu lehiarako baimen-eskaera gehiago", berri eman du Eusko Jaurlaritzak. Egitasmo honen tramitazio prozesuak urrats berri bat eman zuen udaberrian. Eusko Jaurlaritzak aipatu enpresak aurkezturiko aurreproiektua onartu zuela berri eman zuen apirilaren 21eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bidez. Une hartatik, sei hilabeteko epea izango du aipatu enpresak "115/2002 Dekretuak 7. artikuluan ezartzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du, ebazpen hau jakinarazten den egunetik zenbatzen hasita, aldez aurretiko administrazio-baimena izapidetzeko".

4 aerosorgailu eraikitzeko
Usurbil eta Zizurkilgo lurretan dagoen eremua da Ezkeltzu. Andatza hegoaldean kokatua dagoen 508 metroko garaiera duen mendigunea dugu. Zizurkil, Aduna, Usurbil nahiz Aia ingurutik igo liteke bertara. Parke eolikoa eraikitzeko aurreproiektua aurkeztu eta onartu berri dioten "Green Capital Development XLIV SLU" izeneko enpresak Madrilen du egoitza. Argindarra sortzen dihardu lanean, "energia berriztagarriak" baliatuta; mareak, eguzkia, edota kasu honetan bezala, haizea.

Otsailaren 24ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialeko iragarkiak ohartarazten zuenez, 4 aerosorgailu eraikitzeko eskatu zuen aipatu aurretiazko administrazio-baimena. "Instalatutako potentzia gordina" 18 MW-koa da. Antza, Ezkeltzukoaz gain, beste hiru parke eoliko eraiki asmo ditu aipatu enpresak Gipuzkoan.