Negu partetik hona, aire zabalean egoteko txoko berri bat du Usurbilek. Lasai ederrean bakarrik nahiz lagunartean egoteko gunea. Mahaia eta aulkiak ditu, baita etzaulki bat ere. Eta armairu bat, liburuz nahiz jolasez egoki asko hornitua. Usurbilgo Udalaren enkarguz Juntura kooperatibak NOAUA! Kultur Elkartearen egoitza ondoko Sagardo plazarako landutako egiturez ari gara. Aipatu armairuko bilduma bizia izatea nahi du Udalak, eta edukiz aberastu dute. “Sagardo plazako liburutegi txikia liburu berriekin hornitu dugu”, berri eman du sare sozialen bidez Sutegi udal liburutegiak.
Material hau guztia plazan egon artean erabili daiteke, eta gero hartu den moduan uztea eskatzen dute. “Gogoratu liburuak irakurri, begiratu, partekatu, gozatu... nahi izanez gero etxera eramanez ondoren, arren, bere lekuan utzi”. Gaztetxoak edota hainbat guraso ikusten ari gara kultur elkarteko leihotik azken aldian, Sagardo plaza hau biziberritzen. Horixe baita helburua; orain arte pasabidea izan den txoko honetan, gune atsegin eta bizia sortzea.