Sareren bizikleta martxari harrera igande goizean

Noaua Aldizkaria 2022ko uzt. 22a, 10:33

Donostian amaitu aurretik, "Etxera bidea gertu!" aldarripean uztailaren 24an gure artetik igaroko den bizikleta martxari babesa adierazteko aukera izango da.

Osasun krisialdiak behartutako bi urteko etenaldiaren ostean, bidera itzuliko direla iragarri du Sarek. "Etxea bidea gertu!" aldarripean, bizikleta martxa iragarri dute asteburu honetarako, uztailaren 22tik 24ra, Nafarroako Etxarrin hasi eta Donostian amaituko dena. Hiru etapa hauetan azkenak, hilaren 24koak inguruok zeharkatuko ditu N-634 errepidetik barrena. Azpeitian hasiko da eta Orio aldetik Aginagara helduko dira txirrindulariak, eta handik Usurbil ingurua zeharkatuko dute goizeko 11:00ak pasatxoan. Mikel Laboa plazan elkartu eta handik martxa babesteko San Inaziora jaisteko deia egin dute.

Usurbilgo Sarek eskualdeko taldeekin batera uztailaren 11n Lasarte-Oriako Okendo plazan egin zuten agerraldian hitzorduan parte hartzeko gonbita luzatu zuten. Ekimenari atxikimendua adierazteko bi modu izango dituzue; errepide ertzetik babesa adierazita, edota tropelean parte hartuta. Sareren web orrialdean (sare.eus) izena emateko aukera dute bizikleta martxan atera nahi dutenentzat. Norbere datuak zehaztu behar dira eta baita, hiru eguneko itzuli osoa egin nahi den, edota uztailaren 22-24ko asteburuko hiru etapetako bat edo bi. Lehen etapak Nafarroako Etxarri-Aranatz eta Bizkaiko Durango lotuko ditu, biharamunekoak, hilaren 23koak, Durango eta Azpeitia, eta uztailaren 24koak, Azpeitia eta Donostia.

Salbuespen neurriak eteteko
Bizikleta martxaren bosgarren edizioa izango da honakoa. "Pedalkadaz pedalkada hiru egun, aldarria soinean eta lagunarteko giro ederra. Aurten ere bidean gara! Zatoz gurekin!", luzatu du gonbita Sarek. Salbuespen politikarekin amaitzea eskatuko dute. Sarek gogorarazi duenez, "oraindik presoen %36a Espainiako espetxeetan dago. Salbuespen neurri horiek behingoz bertan behera utzi nahi ditugu". 

Helburu berdinen bueltan deitu du Sarek baita abuztuaren 20rako Donostian mobilizazioa. Lasarteko agerraldia hain zuzen udako ekimenok aurkezteko baliatu dute. "Aurtengoan ere, udako hiriburuetako jaien testuinguruan salbuespen legedia salatu eta euskal presoen euskal herriratzea bere osotasunean gauzatu dadin aldarrikatzeko mobilizazioak antolatzen gabiltza Sare Herritarra elkartetik".

Azken aldian ematen ari diren urratsekiko eta beraz, salbuespenezko espetxe politika ezabatze bide horrekiko "gure poza, esperantza eta gogoa" adierazi zuen Sarek, Gipuzkoako hiriburuko mobilizazioaren iragan asteko aurkezpenean. "Euskal herriratzeak, gradu progresioak, isolamenduaren amaiera, hainbat espetxe atzean utzi izana… hasitako bide honek aukera berri bat zabaldu du gure herrian, probestu behar dugun aukera berria".

Baina bidea oztopotsua eta geldoa izaten ari dela ere ohartarazia du Sarek. "Honek agerian uzten du, oraindik bide luzea dugula egiteko, benetan, salbuespen legedia guztiz atzean utzi eta legedi arrunta ezarri dadin. Asko dira oraindik, baldintza guztiak bete arren, baimenak eta 3. graduak eskuratzeko oztopoak jasaten ari diren presoak, baita, horiek eskuratuta ere, Auzitegi Nazionala baliatuz, atzera bota eta berriro espetxeratuak izaten ari diren presoak ere. Eta euskal herriratzeei dagokionean ere, oraindik %36a Euskal Herritik kanpo espetxeratua dago". Hortik abuztuaren 20ko mobilizazioan parte hartzeko egin duten deia. "Etxera bidea egiteko prest! gaudela eta etxera bidea gero eta gertuago dagoela aldarrikatuko dugu. Zatoz zu ere!".

"Izan Bidea" dinamikaren amaiera
Sarek iragarria du baita hirugarren hitzordu bat ere, kasu honetan, udazkenerako, urriaren 8rako. Azken urteotako "Izan Bidea" dinamikari amaiera emateko, azken kilometroak egingo dituzte Donostian barrena manifestazio koloretsu baten bidez. Illunben amaituko dute ekitaldi batekin eta goizaldera arte luzatuko den haur, gazte nahiz helduentzako jaialdiarekin. Sarrerak salgai dituzte jada sare.eus atarian.


SAREREN DATOZEN DEIALDIAK
Uztailak 24, igandea
11:00 San Inaziotik, N-634 errepidetik igaroko den bizikleta martxaren hirugarren etapa ikustera joateko Mikel Laboa plazan elkartzeko deia.

Abuztuak 20, larunbata
12:30 Manifestazioa Donostiako Bulebarretik, "Etxera bidea gertu" aldarripean.

Urriak 8, larunbata
Donostian:
11:00 Bulebarretik, #IzanBidea dinamikaren azken kilometroak.
12:00 Pio XII-tik Illunbera manifestazio koloretsua.
13:00 Ekitaldia eta jaigunearen irekiera Illunben.
15:30 Jaialdia Illunben:
-Kontzertuak: Belako, Rotten XIII, Esne Beltza, Su Ta Gar, Zea Mays, Liher, Doctor Deseo, Eñaut Elorrieta, Josu eta Gari (Hertzainak), Dupla, McOnak, Trikidantz, Ttek elektrotxaranga, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus…
-Txikientzako gunea Porrotxekin eta bestelako aisialdi ekintzekin.
-Jatekoa eta edatekoa txosnetan.

Informazio gehiagorako: sare.eus
Antolatzailea: Sare.