Udalbatzarra

Murrizketak salatu eta osasun sistema publikoa bermatu eta indartzeko eskaera sorta

Noaua Aldizkaria 2022ko uzt. 22a, 14:37

Osakidetzako murrizketak salatu eta osasun sistema publikoak dituen gabeziei aurre egiteko eskaera zerrenda biltzen duen mozioa onartu dute ostegun honetan udalbatzarrean.

Urte osoan etenik gabe osasun zerbitzuak bere horretan bermatzea. Lehen arretan ibilbidea jorratzeko ahalbidetuko duten kontratu egonkorrak sustatzea langileentzat; horretarako, kontratazio-eredua eta irizpideak aldatzea. Eta Osakidetzako lan taldea handitzea, "diziplina anitzeko lan taldeak sortuz". Eskaerok biltzen dituen eta egun Osakidetzan indarrean diren murrizketak salatzen dituen mozioa onartu dute ostegun honetako udalbatzarrean.

Herritarrek pairatzen duten zerbitzu galeraren inguruko hainbat adibide aipatzen ditu udal gobernu taldeak osoko bilkurara eramandako testuak; Etenik Gabeko Arreta Guneen itxiera edo ordutegi murrizketa; profesional gabezia eta lanean direnen gehiegizko lan-karga; betidanik egon diren hainbat zerbitzuen etena edo murrizketa; kontsulta presentzialak eskuratzeko geroz eta zailtasun handiagoak, baita adinekoen eta kronikoen jarraipenerako ere; osasun sustapena garatu ezina...

Mozioak argi ohartarazten du, "hau guztia ez da pandemiaren errua". Pribatizazioaren mesedetan osasun sistema publikoa "ahultzeko estrategia aspaldiko kontuak dira".

"Nahikoa motibo dago alarma pizteko"
Mozioaren aurka bozkatu zuten PSE eta EAJ-ko udal ordezkariek. EAJ-tik Josune Urkolak adierazi zuen mozioak ez ziola aipamenik egiten profesional gabeziari, edota profesionalak kontratatzeko dauden zailtasunei. PSE-tik bestalde, Patxi Suarez zinegotziak gogorarazi zuen Gotzone Sagardui osasun sailburuak berak kultura aldaketaz hitz egin zuenean, desegokiak izan zirela bere hitzak. Eta egun Osakidetzak dituen arazoak konpontzeko akordioa duela Jaurlaritzan PSE-k EAJ-rekin. "Bide horretatik joan nahi dugu", Suarezek zioenez, eta mozioaren kontra bozkatuko zuela iragarri zuen.

Adierazpenon aurrean, udal gobernu taldetik erantzun zitzaien esanez, Sagarduik Osakidetzari lotuta sustatu nahi zuten kultura aldaketa hiru hitzaldi ezberdinetan aipatu zuela eta hitz horiek zer esan nahi duten argi dagoela. "Nahikoa motibo dago alarma pizteko", zioen Usurbilgo alkateak, baita mozioa udalbatzarrera eramatekoa ere. "Bagara nor" eta gai honi buruz "badugu zer esana" Osakidetzak bizi duen egoerarekiko kezka agertu, murrizketak salatu eta proposamenak egiteko udal gisa, nabarmendu zuten EHBildutik. Are gehiago, herrian bertan anbulatorioa izanda.

Bozketa beraz, honela geratu zen; EHBildu alde, EAJ eta PSE aurka. Mozioa, gehiengo osoz onartu zuten.

MOZIOA
OSAKIDETZAKO MURRIZKETAK SALATZEA
Osasun Sistema Publikoan, Osakidetzan, gertatzen ari diren murrizketa eta egoera larriaren harira, honako mozio hau aurkezten du Usurbilgo EHBilduk Usurbilgo udalbatzak onar dezan:

Ezer baino lehen esan behar da Osakidetzan gertatzen ari dena ez dela ezer berria, ezta ez-ohikoa ere. Azken urteotan Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakien ondorio da:
-Etenik Gabeko Arreta Guneak, "PAC" delakoak, itxi dira, edo ordutegiak murriztu dira.
-Osasun etxeetan izugarrizko profesional gabezia dago. Eta ondorioz, profesional batek gainerakoen agendak bete behar izaten ditu edo egunerokotasunean 45 kontsulta izaten ditu. Egoera horretan ezinezkoa da pazienteei kalitatezko arreta bermatzea.
-Hainbat eta hainbat osasun etxeetan bizitza osoan izandako zerbitzuak ixten edo murrizten ari dira.
-Kontsulta presentzialak lortzea gero eta zailagoa izaten da. Atzerapenak nabarmen areagotu dira.
-Adinekoen edo kronikoen jarraipenerako gero eta zailtasun handiagoak.
-Osasun sustapena bertan behera geratzen joan da edo ez da behar bezala garatu.

Hau guztia ez da pandemiaren errua, ez zen pandemiarekin hasi. Murrizketak eta planifikazio eza, eta osasun sistema publikoa pribatuaren mesedetan ahultzeko estrategia aspaldiko kontuak dira. Osasun sistema publikoan ematen diren atzerapausoak gero eta nabarmenagoak izan dira, bereziki 2018tik gaurdaino. Eta honen guztiaren ondorioak herritarrek (pazienteek) jasaten dituzte, are gehiago herri txikietan.

Pandemian denok ikusi dugu zein garrantzitsua den kalitatezko lehen mailako arreta izatea, baina, sistema hori indartu beharrean, Jaurlaritza kontrakoa egiten ari da.

Herri txikietan medikura joateko beste herri edo hiri batera joan beharko dute. Hori ez da aldaketa kultural bat, oinarrizko eskubide baten aurkako eraso bat baizik, pertsona guztiok kalitatezko arreta sanitario publikoa jasotzeko eskubidea dugulako, eta hori da orain arriskuan dagoena.

Hori dela eta, Usurbilgo Udaleko udalbatzak:
1-Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio urte osoan zehar, uda sasoian barne, herri honetako osasun sistema publikoak eskaintzen dituen zerbitzuak bermatu ditzala.
2-Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio lehentasunez mediku egoiliarren kontratazio-eredua aldatu dezala, kontratu egonkorrak eta lehen arretan euren garapen profesionalerako ibilbidea ahalbidetuko dutenak bermatuz. Halaber, gainerako osasun profesionalen kontratazio baldintzak hobetzeko xedearekin, aztertzea Osakidetzan kontratazio irizpideak aldatzea, beti ere egonkortasuna eta garapen profesionala sustatuz, horrela Osakidetza erakargarriago bilakatzeko eta indartzeko.
3-Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio Lehen Arretan eskaintzen duten mediku, erizain eta gainerako osasun profesional kopurua handitu dezala. Diziplina anitzeko lantaldeak sortuz, non beste profil profesional batzuk txertatuko diren, hala nola geriatrak eta fisioterapeutak.