Udalbatzarra

Errefuxiatuen Egunari eta Melillako sarraskiari lotutako mozio bana onartu dute

Noaua Aldizkaria 2022ko uzt. 22a, 12:58

Errefuxiatuen Egunari lotutakoa aho batez onartu dute ostegun honetako udalbatzarrean. Hainbat eskaera luzatzen dizkiote Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari. Udalak bere aldetik ere zenbait konpromiso bere gain hartzen ditu. "Gu ere erbeste izan ginen. Eta gaur babes izatea dagokigu. Irmoki sinesten dugu errefuxiatuen eskubideetan, eta harrera integrala eta duina emateko konpromisoa hartzen dugu". Bestalde, ekainaren 25ean Melillako mugan "historiako hondamendi humanitario larrienetako bat" salatzen duen mozioa gehiengo osoz onartu zuten, EHBildu eta EAJ-ren aldeko bozkekin, PSE-k kontra bozkatu zuen. 37 pertsona hil gutxienez eta dozenaka zauritu ziren Melillara iristen saiatzean, "indarkeria-irudi basatiekin, beroan itzulketekin eta migrazio-agintari aldetik Giza Eskubideen urraketa larriekin".

Melillako hondamendiari lotutako mozioak onartezintzat jotzen ditu Espainiako gobernuko presidenteak esandakoak, "egindako jarduerak ulertu eta babestuz, eta Espainiako eta Marokoko segurtasun-kidegoek egoera ondo konpondu zutela adierazi zuen".

Egoera honen aurrean, Usurbilgo Udalak "gure atsekabea eta salaketa irmoa adierazten dugu", elkartasuna adieraztearekin batera "poliziaren jardun basatiaren ondorioz" hildako, zauritu eta haien senideei. Berehalako ikerketa independentea eskatzen du mozioak edota "giza eskubideetan oinarritutako migrazio-politikak bultzatzea".

Aipatu moduan, EHBilduren eta EAJ-ren babesarekin onartu zen mozio hau, PSE-ko udal ordezkariak aurka bozkatu zuen. Patxi Suarezek adierazi zuenez, ez du partekatzen Espainia eta Maroko alde berean daudela parekatzea, baina onartezintzat jo zuen Melilan jazotakoa eta horren aurrean Espainiako gobernuko presidenteak adierazitakoa.

Hemen Melillako sarraskiari buruzko mozioak eta Errefuxiatuen Egunari lotutako testuek diotena bere osotasunean.


MELILLAKO SARRASKIAREN INGURUKO ADIERAZPENA
Joan den ekainaren 25ean, Espainiako Estatuko hegoaldeko mugaren historiako hondamendi humanitario larrienetako bat bizi izan zen. Gutxienez, 37 pertsona hil dira, GKEen arabera, eta dozenaka zauritu Melillara iristen saiatzean, indarkeria-irudi basatiekin, beroan itzulketekin eta migrazio-agintarien aldetik Giza Eskubideen urraketa larriekin.

Testuinguru horretan, Espainiako presidenteak adierazpen onartezinak egin zituen egindako jarduerak ulertu eta babestuz, eta Espainiako eta Marokoko segurtasun-kidegoek egoera ondo konpondu zutela adierazi zuen.

Horiek horrela, Usurbilgo udalbatzak honako adierazpen instituzional hau onartzen du:
1-Gure atsekabea eta salaketa irmoa adierazten dugu joan den ekainaren 25ean Melillako mugan gertatuakoarengatik, eta elkartasun osoa adierazten diegu poliziaren jardun basatiaren ondorioz hildako edo zauritutako Saharako hegoaldeko pertsonen familiei.
2-Ikerketa berehalakoa eta independentea eskatzen dugu, gertakariak argitzeko, erantzukizunak garbitu eta biktimen erreparaziorako neurriak ezartzeko.
3-Hildakoen gorpuak berreskuratzea, identifikatzea eta jatorrizko herrialdeetara aberriratzea eskatzen dugu, familien nahiak errespetatuz.
4-Adierazi nahi dugu, halaber, erabat gaitzesten ditugula migrazioaren eta asiloaren arloan Europak eta Espainiak gaur egun dituzten politikak, mugak militarizatzeari eta kanpora ateratzeari buruzkoak.
5-Eskatzen dugu legezko bide seguruak ezartzea, migratzaile guztien duintasuna eta giza eskubideekiko errespetua bermatzeko.
6-Gure ustez, Europar Batasunak migrazio-politika koherente eta bateratua ezarri behar du, eta asilo- eta babes-politika giza eskubideen errespetuan oinarritua.
7-Mugetara iristen diren migratzaileen erantzukizunak eta kudeaketak EBko kideen artean komuna, arduratsua eta solidarioa izan behar duela uste dugu.
8-Azkenik, giza eskubideetan oinarritutako migrazio-politikak bultzatzea eskatzen dugu, eskuin muturreko ideologiek bultzatutako diskurtso xenofoboen eta praktika autoritarioen aurrean.

_____________________________________________________________________________________________________________

MOZIOA
ERREFUXIATUAK
Erbestea etengabeko konstantea izan da gizateriaren historian, baita gurean ere: gu ere erbeste izan ginen. Eta gaur babes izatea dagokigu. Irmoki sinesten dugu errefuxiatuen eskubideetan, eta harrera integrala eta duina emateko konpromisoa hartzen dugu.

Orain, erbestealdiaren eta aterpearen bideak irauli egin dira. Gure erbestearen memoriak laguntzen digu gaur egun gerratik, indarkeria politikotik, genero-jazarpenetik, ingurumenaren degradaziotik eta bizitzaren prekarizaziotik ihesi doazen pertsonekin enpatia sentitzen.

Azken urteotan, gora egin du Euskal Herrira nazioarteko babes bila datozen pertsonen kopuruak, bai eta Europako beste herrialde batzuetara bidean gure lurraldetik igarotzen direnen kopuruak ere.

Pandemia gorabehera, 2020an eta 2021ean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 4.089 asilo-eskatzaile izan ziren (%42 emakumeak ziren eta %17 adingabeak). 2022an, nazioarteko babesa behar duten pertsonen fluxuak berraktibatzen ari dira: aurtengo urtarriletik apirilera bitartean, ia 1.287 eskaera erregistratu ziren, hau da, 2021 osoan aurkeztutakoen %75.

Kopuru horri gehitu behar zaizkio Ukrainako gerratik ihesi iritsi direnak eta, 2001/55 Zuzentaraua lehen aldiz aktibatzeari esker, aldi baterako babeserako mekanismo espezifiko bat eskura dutenak.

Gure lurraldea, beraz, iheslarientzako igarotze eta iriste leku garrantzitsua bihurtu da. Hemen geratzen direnen kasuan, duten onarpen eta aintzatespen urriak baldintzatu egiten du haien gizarte-inklusioa ahalbidetuko duen eskubide eta zerbitzuetarako sarbidea, eta horrek pertsona asko zaurgarritasun handiko egoeretara bultzatzen ditu. 2020tik 2021era bitartean, Espainiako estatuan nazioarteko babesa aitortu zitzaien pertsonak %7 baino gutxiago izan ziren, eta EBn, berriz, %30 baino gehiago. Arrazoi humanitarioengatik bizilekua baimentzeko bidea Venezuelatik datozenei ematen zaie ia modu esklusiboan. Bide honek dokumentazioa eta gizarteratzea errazten ditu, nahiz eta eskatzaileak ez diren errefuxiatutzat hartzen.

Ondorioz, nazioarteko babes-eskaera ukatzen zaien pertsonak (gehienak) zuzenean irregulartasun-egoerara igarotzen dira. Lana izatekotan, berehala galtzen dute. Harrera-sistemaren parte baziren, azkar ateratzen dituzte bertatik (15 egunetan), alternatiba juridiko eta sozialik gabe. Egoera horrek eragin handia du udaletako gizarte-zerbitzuetan eta migratzaileen kolektiboari eta gizarte-bazterketa arriskuan dauden pertsonei lotutako beste gizarte-erakunde batzuetan.

Mugei, nazioarteko babesari edo atzerritartasunari dagozkien politikak Estatuaren eskumenekoak badira ere, berehalako premiak tokiko erakundeetan kudeatzen dira, hala nola benetako harrera ematea eta integrazioa eta elkarbizitza aniztasunean gauzatzeko aukera. Autonomia Erdidegoak gizarte-zerbitzuen arloko eskumena du, eta euskal aginte publikoak dira pertsonen eta horiek osatzen dituzten taldeen askatasuna eta berdintasuna eraginkorrak eta benetakoak izan daitezen baldintzak sustatzeko eta oztopoak kentzeko neurriak hartu behar dituztenak.

Xede honetan, hiriek eta udalerriek funtsezko zeregina dute. Horregatik guztiagatik, Usurbilgo Udalak honako hau eskatzen dio Espainiako Gobernuari:
1-Nazioarteko babesa aitortzeko estandarrak berma ditzala, Europako gainerako herrialdeekin bat etorriz.
2-Pertsona guztien asilo-eskubidea ziurta dezala, horien jatorrizko herrialdea edozein dela ere. Ukrainako krisiak agerian utzi du, borondate politikoa dagoenean, nazioarteko babesa behar dutenak hartzeko mekanismoak egon badaudela.
3-Nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonentzako harrera-sistemaren malgutasuna eta iraunkortasuna ziurta dezala, pertsonak ardatz dituzten gizarteratze-prozesu eraginkorrak bermatu ahal izateko. Gure herrialdeko gizarte- eta lan-eremuko aldaketetara egokituko den sistema bat, behar bereziak dituzten pertsonei arreta emateko bitarteko egokiak izango dituena, eta, aldi berean, pertsonen aniztasuna kontuan hartuko duena (besteak beste, generoari eta sexu-joerari dagokionez, erlijioari eta kulturari dagokionez, adinari dagokionez...).
4-Tratu-berdintasunari eta Diskriminaziorik Ezari buruzko Lege Integrala onar dezala, eta Tratu-berdintasunerako eta Diskriminaziorik Ezerako organo independente bat sor dezala, diskriminazioaren biktimei arreta, laguntza eta erreparazioa emateko baliabide nahikoekin eta izaera eta eremu desberdinetako politika eta eragile diskriminatzaileak behatzeko eta haietan eragiteko ere.
5-Gizarte-salerosketaren Biktimak Babesteko eta Laguntzeko Lege Integrala onar dezala.

Halaber, Usurbilgo Udalak honako hau eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari:
1-Nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonentzako harrera-sistemaren malgutasuna eta iraukortasuna ziurta dezala, pertsonak ardatz dituzten gizarteratze-prozesu eraginkorrak bermatu ahal izateko. Gure herrialdeko gizarte- eta lan-eremuko aldaketetara egokituko den sistema bat, behar bereziak dituzten pertsonei arreta emateko bitarteko egokiak izango dituena, eta aldi berean, pertsonen aniztasuna kontuan hartuko duena (besteak beste, generoari eta sexu-joerari dagokionez, erlijioari eta kulturari dagokionez, adinari dagokionez...).
2-Enplegu-bilaketa aktiborako sarbidea erraztea, prestakuntza egoki, publiko eta doakoaren bidez, bai tokiko hizkuntzak ikasteko zein etorkizunean enplegua lortzeko aukerak hobetuko dituen prestakuntza jasotzen jarraitu ahal izateko.
3-Osasun mentaleko arreta-sarerako edo lan psikologikora zuzendutako taldeetan parte hartzeko sarbidea erraztea, bizi izandako egoera traumatikoetatik errekuperatzen laguntzeko.

Eta, era berean, Usurbilgo Udalak honako konpromiso hauek hartzen ditu:
1-Diskurtso diskriminatzaile eta xenofoboei aurre egitea, prebentzio- eta monitorizazio-neurriak hartuz, eta integrazio-, bizikidetza-, berdintasun-, eta diskriminaziorik gabeko planak eraginkortasunez diseinatu eta inplementatzen direla bermatzea administrazioaren maila guztietan, ikuspegi komunitariotik eta beharrezko aurrekontu-esleipenarekin.
2-Tokiko biztanleei zuzendutako sentsibilizazio-ekintzak gauzatzea, errefuxiatuekin eta migratzaileekin batera gizarteratzean eta elkarbizitzan eragiteko, hala nola zurrumurruen aurkako estrategien bitartez.
3-Diskurtso arrazista eta xenofoboen aurkako jarrera irmoa izatea, diskurtso politikoek immigrazioa instrumentalizatzen ez dutela eta gorrotoaren bidez gizarte-haustura sustatzen ez dutela zainduz.
4-Zerbitzu publikoetan diskriminazioaren eta tratu-desberdintasunaren biktimei arreta ematea.
5-Memoria historikoaren balioa azpimarratzea, duela ez hainbeste, gu ere erbeste izan ginelako. Orain babesa izatea dagokigu.