Udalbatzarra

Aginagako Elutxeko hirigintza hitzarmena betiko onartua

Noaua Aldizkaria 2022ko uzt. 22a, 12:33

Horretarako finkaturiko epean erreklamaziorik ez da izan eta behin betiko onartu dute ostegun honetako udalbatzarrean, Aginagako Elutxen oinezkoen bidea eta etxebizitzak eraikitzea ahalbidetuko duen hirigintza hitzarmena.

Gehiengo osoz onartu dute ostegun honetako osoko bilkuran, EHBildu eta PSE-ren aldeko bozkekin, EAJ abstenitu da. Honenbestez behin betiko onartutzat jo dute, "Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako A-90 (Elutx) eremuko HEU 90.5 exekuzio unitatearen garapena bideratzeko" hirigintza hitzarmena. Erabaki hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzearekin batera, alkatea hitzarmen hau izenpetzea ahalduntzen du osteguneko udalbatzarrean onartutakoak.

"Aginagarren eskaera historikoa"
Hirigintza hitzarmen honi maiatzaren 26ko osoko bilkura eman zitzaion hasierako onarpena. Hitzarmen honek, “aginagarren eskaera historikoa” gauzatuko du, Elutx eta Aginagako Kaxkoa oinezko eta txirrinda bide batek lotzea ahalbidetuko du. Eta egungo hirigintza planean aurreikusitakoa aldaraziko du, egungo arauen arabera bertan bi norabideko errepide bat egokitzea aurreikusia baitzegoen. Baina Kale Irekiak prozesuan oinezkoen bidearen beharra aldarrikatu zuten aginagarrek, “oinezko izaera ematea izatea errepide horri”. Hain zuzen, hainbat haur daude eskolara joateko eremu hau zeharkatu behar dutenak eta ez da lotura segurua, N-634 errepide ondotik igaro beharra baitute.

Hitzarmen honek ahalbidetuko du joan-etorri hori seguruagoa izatea. Udalak doan jasoko ditu eremu horretako lurrak, kargarik gabe. Eta bertan, errepideaz gain, 27 etxebizitza eraikiko dira, hiru blokeetan banatuak: lehenengoan babes ofizialeko 11 bizileku altxako dituzte, 8 libre eta 4 tasatu bigarrenean eta beste lau libre hirugarrenean. Berdegune bat ere izango du inguruak. “Aginagarren bizi-kalitatea, mugikortasuna hobetzeko, eta toki atseginak izateko ezinbesteko aukera irekitzen du” hitzarmen honek, udal gobernu taldearen esanetan. Tramitazio prozesuari dagokionean aurreratu dutenez, Origami arkitekto taldea jada exekuzio proiektua lantzen ari da. Proiektua aurten eskuartean izan ostean, “Udalak ahalik eta azkarren esleitu nahi ditu” lanok.