Udalbatzarra

Aldaketak udal gobernu taldean

Noaua Aldizkaria 2022ko uzt. 22a, 13:46

Dedikazio osoz udalean lanean jarduteari utziko dio, legealdi hasieratik bigarren alkateorde izan den Lur Etxeberria Gurrutxagak. Ainhoa Arrozpide Landak ordezkatuko du.

2019-23 legealdia azken txanpan murgiltzear den honetan, aldaketak udal gobernu taldean. Ostegun honetako udalbatzarrean iragarri dutenez, dedikazio osoz udalean lanean ari zen bigarren alkateorde Lur Etxeberria Gurrutxagak udaleko lan jarduna utziko du beste lan aukera bat sortu zaiolako, nahiz zinegotzi izaten segiko duen. Honek udal jardunaren antolaketan eta organigraman hainbat aldaketa eragingo ditu; aldaketa nabarmenena, Ainhoa Arrozpide Landa zinegotzia izango dela legealdi hau amaitu artean, dedikazio osoz jardungo den udal gobernu taldeko kide eta bigarren alkateordea. 

Aldaketen xehetasunen berri eman du udal gobernu taldeak ostegun honetako osoko bilkuran.

ZINEGOTZI LIBERATUEN DEDIKAZIOA ETA ORDAINSARIAK
Orain arte udal gobernu taldeko hiru kide ziren liberatuak; alkate Agurtzane Solaberrieta, lehen alkateorde Beñat Larrañaga eta bigarren alkateorde Lur Etxeberria. Etxeberriak liberatu izateari utzi zion uztailaren 17an. Ainhoa Arrozpide Landa izango da, Etxeberriaren ordez dedikazio osoz jardunean ariko den bigarren alkateordea. Bere dedikazio eta ordainsariek irailaren 12tik aurrerako eragina izango dute.

TOKIKO GOBERNU BATZARRA
Orain arte Beñat Larrañaga Urdanpilleta, Lur Etxeberria Gurrutxaga, Joxe Mari Iribar Zapirain eta Itziar Basterrika Unanue ziren. Basterrikaren izendapena bertan behera utzi dute eta Ainhoa Arrozpide Landa izango da kide berria.

ALKATEORDEAK
Legealdia hasi zenetik Beñat Larrañaga Urdanpilleta eta Lur Etxeberria Gurrutxaga izan dira, lehen eta bigarren alkateordeak hurrenez hurren. Etxeberriaren izendapena bertan behera utzi eta haren ordez, Ainhoa Arrozpide Landa izango da legealdia amaitu artean bigarren alkateordea.

OGASUN ARLOKO ESKUORDETZA
Eskuordetza aldaketa baita eremu honetan. Lur Etxeberria Gurrutxagaren alde egina zen eskuordetza bertan behera utzi eta legealdia amaitu artean Beñat Larrañaga Urdanpilleta zinegotziaren esku uztea erabaki dute jarduera eremu hau.

UDAL ORDEZKARITZA BESTE ORGANO ETA ERAKUNDEETAN
Aldaketak baita Usurbilgo Udalak ordezkaritza duen erakundeotan:
-San Marko Mankomunitatea:  Ainhoa Arrozpide eta Joxe Mari Iribar ordezkariak. Agurtzane Solaberrieta eta Beñat Larrañaga ordezkoak.
-Garbitania: Ainhoa Arrozpide ordezkaria. Agurtzane Solaberrieta ordezkoa.
-Beterri Buruntza: Agurtzane Solaberrieta eta Beñat Larrañaga ordezkariak. Ainhoa Arrozpide eta Itziar Basterrika ordezkoak.
-Hobeki: Ainhoa Arrozpide ordezkaria. Joxe Mari Iribar ordezkoa.

BATZORDE INFORMATZAILEAK
Udalaren organigraman ere eragin du zinegotzi liberatuen aldaketak. Modu honetan egongo dira osatuak batzorde informatzaileak.