Diru kontuak hizpide baita, ostegun honetako udalbatzarrean. Batetik, 2021eko Kontu Orokorra onartu zuten gehiengo osoz EHBilduren udal ordezkarien aldeko bozkekin, EAJ eta PSE abstenitu ziren. Udal kontuhartzaile Xabier Olanok berri eman zuenez, maiatzean hasieraz onartu ostean jendaurrean egon den epean ez da erreklamaziorik aurkeztu. Aurrekontuen zikloa ixten du urrats honek. Lehenbizi aurrekontuaren exekuzioa eta likidazioa onartzen dira, eta amaitzeko aipatu moduan, Kontu Orokorra.
Kreditu aldaketa
Horrekin batera, udal gobernu taldeak 2022. urte honi begirako bigarren kreditu aldaketa onartu zuen gehiengo osoz, EHBilduren eta PSE-aren aldeko bozkekin. EAJ abstenitu zen. Aurtengo aurrekontuetan beste 495.000 euro txertatzea erabaki dute hasieraz. Laster 15 eguneko erreklamazio epea zabalduko dute. "Erreklamaziorik aurkezten ez bada, erabaki hau behin betikotzat joko da".
Dirutza hau sei egitasmoetarako aurreikusitako inbertsioak indartzera bideratuko dute. Kopuru gehikuntza hau, modu honetan finantzatu dute: 270.251,18 euro diruzaintzako gerakinetik bideratu dute, 208.334,98 euro estatutik udalerriei eginiko covid funtsaren ekarpen horretatik eta 16.413,84 euro Gipuzkoako Foru Aldunditik jasotakotik. Hirugarren kreditu aldaketa udazken partean egin asmo du udal gobernu taldeak; kreditu aldaketa hori, Oria Zumarte industriagune parean lehengoratzera bideratu nahi dute. Europako dirulaguntzetara aurkeztua dute egitasmoa, ebazpenaren zain dira.
1-Ekipamendu eta altzariak
12.000 euro aurreikusiak zituen udal gobernu taldeak, baina beste 55.000 euro bideratuko dituzte, 67.000 euro guztira. Diru kopuru honekin udalbatza aretoa egungo teknologietara egokitu nahi dute: etorkizunean osoko bilkurak streaming bidez zuzenean eskaini, aretoan bertan dagoen gelatxoa bilera telematikoetarako egokitu... Finean, udal zerbitzuen digitalizazioan urrats berriak eman.
2-Pelaioenea
Gogoan izan, Kalezarko Pelaioenean kokatuko dira etorkizunean Emakumeen Etxea eta kalezartarrentzako udal ekipamendua. Eraikina bera kanpotik birgaitua dago, barrualdeko lanak bideratzea falta da orain. 500.000 euro zeuden bideratuak egitasmo honetara, baina kreditu aldaketa honekin beste 75.000 euro gehitzea erabaki du udal gobernu taldeak. Materialen prezioen azken aldiko igoerak eragin du Pelaioenearako kopuru hau gehitzea.
3-Usurbil 0.0
Udal gobernu taldeak 20.000 euro zituen gordeak aurtengo udal aurrekontuetan egitasmo honetarako. Beste 20.000 euroko ekarpena egitea erabaki dute orain, 40.000 euro guztira beraz. Gehikuntza hau, San Marko Mankomunitateak hilero herrira eta auzoetara ekartzen duen furgoneta ibiltariaren zerbitzura bideratuko dute. Orain arte, hilero lehen eta azken asteazkenetan etorri izan da. Egunotako batean Kaxkoan egon ohi da eta bestean goiz berean auzo guztiak zeharkatzen ditu. Aurrerantzean, "Garbigune ibiltari" hau indartzea da asmoa. Zerbitzu hau baliatzeko herritarrei erraztasunak eskaintze aldera, asterokoa izatera igaroko da Usurbil osatzen duten herri eta auzoetan.
4-San Esteban kalea
Usurbil erdigunea Etxealdiarekin, tren geltokiarekin eta Santuenearekin lotzen dituen pasabide aldapatsuan aurrerantzean oinezkoek lehentasuna izateko proiektua lantzen ari da Usurbilgo Udala. Egitasmo honetara 175.000 euroko ekarpena egitea erabaki du. Kale hau ibilgailuen erabilerarako mugatu eta oinezkoek lehentasuna izateko egokituko dute, eta obrak bertako azpiegiturak berritzeko ere baliatu nahi dute.
5-Zaintza ekosistema
54.000 euro erreserbatuak zituzten egitasmo honetarako, baina beste 20.000 euroko ekarpena gehitzea erabaki du udal gobernu taldeak, 74.000 euro beraz guztira. Bestelako zaintza eredu bat eraikitzeko prozesua martxan da Usurbilen, gogoan izan.
6-Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzunerako igogailua
150.000 euroko ekarpena egingo dio Udalak egitasmo honi. Eraikitzen ari diren auzune berri honetara N-634 errepidetik heltzeko mugikortasun jasangarria eta irisgarritasuna bermatze aldera igogailu bat instalatuko dute. Egitasmo honetarako, osteguneko osoko bilkuran udal gobernu taldetik berri eman zutenez, finantziazioa Matia Fundazioak eskuratu du. Udalak ordea 300.000 euroko ekarpena egingo du: 150.000 euro aurten eta beste 150.000 euro 2023an. Igogailuaren mantenuaz ere Udala arduratuko da.