OBRAK

Txokoaldetik Santuenera doan bidea itxita egongo da hiru astez

Noaua Aldizkaria 2022ko abu. 1a, 07:28

Txokoaldetik Santuenera doan bidea erabat itxita izango da datozen egunetan. Obrak egin behar dituzte eremu horretan. Udalak aditzera eman duenez, neurri hau uztailaren 26tik abuztuaren 12ra egongo da indarrean. "Gero, irailaren hasierara bitartean, partzialki egongo da itxita, lanegunetan, 08:00etatik 18:30era bitartean".

Ura Agentziak eta Añarbe Mankomunitateak Aginagako saneamenduko obrak aurreko astean ziren hastekoak. Arrazoi horregatik itxi da Txokoalde eta Santuenea arteko bidea. "Bertako bizilagunek eta baratza dutenek pasatzeko aukera izango dute. Hortik aurrera, partzialki egongo da itxita, astelehenetik ostiralera", udalak aditzera eman duenez.

Ura eta Añarbe ekainean hasi ziren eremu horretan lanean, Txokoaldetik hasita. "Izan ere, orduan iragarri zutenez, lanak bi fasetan egitekoak ziren. Aitzitik, uste baino erritmo handiagoan ari dira, eta hori dela eta, uztailaren 26an bigarren faseari ekin diote, bi zatietan aldi berean lan eginez. Hau da, Txokoaldeko lanekin jarraituko dute eta, gainera, Santueneko zatian hasiko dira lanean: 100 metroko hodi bat sartu behar dute. Orain arte bezala, kamioiak Txokoaldetik sartuko dira bertara: joan-etorri etengabean arituko direnez, erabat ixteko eskaera egin dute, oinezkoen segurtasuna bermatzeko".

 

Paseo eta kirol eremua

Ixteko eskaera epe luzeagokoa zen jatorrian, baina udala ahalik eta motzena izan dadin ahalegindu da, "jende asko ibiltzen baita bertatik paseoan edo kirola egiten. Obra guztiek, ordea, izaten dute eraginen bat, eta, kasu honetan, hiru astez erabat ixtea eta hurrengo asteetan partzialki ixtea ekarriko dute lanek". Abuztuaren 12tik irailaren hasierara bitartean, lanean jarraituko dute, baina, kasu horretan, partzialki egongo da itxita, hau da, lanegunetan 08:00etatik 18:30era itxiko da; ordutegi horretatik kanpo eta asteburu eta jaiegunetan libre egongo da bidea.