UDALA

Kontu-hartzailetza lanpostua betetzeko lehiaketa martxan da

Noaua Aldizkaria 2022ko uzt. 26a, 13:55

Usurbilgo Udalak kontu-hartzailetza lanpostua ebazteko deialdia jarri du martxan. Bihartik kontatzen hasita, hamabost egun natural izango dituzte interesdunek eskaerak aurkezteko: uztailaren 27tik abuztuaren 10era bitartean, biak barne. Xehetasun denak usurbil.eus web orrialdean topatuko dituzue.

Usurbilgo Udaleko kontu-hartzailetza lanpostua oposizio lehiaketa bidez betetzeko deialdia argitaratu da gaur, GAO Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Bihartik kontatzen hasita, hamabost egun natural izango dituzte interesdunek eskaerak aurkezteko: uztailaren 27tik abuztuaren 10era bitartean, biak barne. 

"Eskabideak udalaren egoitza elektronikoaren bidez edo administrazio publikoen erregistroetan aurkeztu ahal izango dituzte", Udalak aditzera eman duenez. "Epea amaitutakoan, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da: hurrengo egunetik kontatzen hasita, izangaiek erreklamazioak aurkezteko edo eskabideak zuzentzeko 10 egun balioduneko epea izango dute.

Kontu-hartzailetza lanpostua bitarteko funtzionario batek betetzeko hautaketa prozesua egitea da deialdiaren helburua, oposizio-lehiaketa sistema bidez (azterketa), lanpostu hori Espainiako gaikuntza nazionaleko Toki Administrazioko funtzionario batek bete arte. Postu hori eskuratzeko baldintzen artean dago 3. edo 4.n Hizkuntza Eskakizuna egiaztatzea: lehentasunez, 4. HE dagokio, baina izangai batek berak ere ez badu hori egiaztatzen, 3. HE aplikatuko zaio".

 

Prozesuaren amaieran, bi lan poltsa osatuko dira. Lehenengoa, 4HE egiaztatuta izan eta hautaketa prozesua gainditu duten izangaiek osatuko dute; bigarrena, 3HE egiaztatua izan eta hautaketa prozesuko oposizioa gainditu dutenek.

Izena emateko bete beharreko eskaera orriak ere deialdiarekin batera argitaratu dituzte. Xehetasun gehiago udalaren webgunean.