Eskualdea hobekiago ezagutzeko aukera uda honetan

Noaua Aldizkaria 2022ko abu. 5a, 08:36

Ibilaldi gidatuak, sagardotegien bueltako eskaintza... Izango da zer egin eta zer ikusia asteotan Beterri Buruntza eskualde honetan.

Ibilaldi gidatuak
Irailera arte eskualdeko sei herrietan ibilaldi gidatu eta interpretatu bana antolatu du Behemendik, “inguruneko natura- eta kultur-ondare baliotsua ezagutarazteko eta bertako txokorik esanguratsuenak ezagutzeko; gainera, fokua turismo errespetuzkoago, jasangarriago eta bizigarriago baterantz bideratuko da”.
Uztailak 16, Andoain: “Eliza eta dorretxe artean”.
Uztailak 30, Lasarte-Oria: “Aire libreko museoa”
Abuztuak 7, Urnieta: “Adarramendi inguratzen”.
Abuztuak 27, Usurbil: “Ur- daiaga ezagutzen”.
Irailak 3, Astigarraga: “Santiagomendi eta ekialdeko mugarriak”.
Irailak 25, Hernani: “Triku- harriz trikuharri”.

Informazioa eta erreserbak: donostialdea@behemendi.eus 656 705 243 (9:00-15:00, astelehenetik ostiralera).

Kaiak jaitsiera Aginagatik
3 orduko irteerak Oriora. Familia giroan egiteko ekintza, igeri jakitea ezinbestekoa da. Gutxienezko lau kideko taldeentzat. Informazioa eta erreserbak: 657 794 677/ info@begi-bistan.com

“Harria Hitz” ibilbidea
Sagardoaren monumentua, Tapiaren eta Zumetaren muralak, Askatasuna eta Mikel Laboa platzak, Udarregiren omenezko eskultura... Usurbilgo kultur altxorrak bisitatzeko aukera. Mugikorretarako aplikazio bidez egin daiteke bisita. Informazio gehiago: harriahitz.eus

Eskualdeko eskaintza
Usurbil inguruetan soilik ez, eskualdean ere izango da zer bisitatua. Andoainen, Plazaola-Leitzaran bailara oinez edo bizikletaz ezagutzeko aukera. Informazio gehiagorako: 943 300 929/info@leitzaran-andoain.eus.

Hernanin ere hirigune historikoa (688 607 838/turismoa@ hernani.eus), Galarreta pilotalekua edota Chillida-Leku museoa ezagutzeko (943 335 963 / info@museochillidaleku.com) ere bisita gidatuak antolatzen dituzte. Aipatu museoan, Donostiako jaialdi ezagunak ospatuko dira; Jazzaldia, Musika Hamabostaldia edota Ravel jaialdia. Gaueko bisitak ere iragarri dituzte, Chillidaren “artea ezagutu eta esperimentatzeko leku bat” duzue.

Sagardoaren bueltako eskaintza
Eta nola ez, sagardoa dugu eskualdea turismoaren alorreko amu garrantzitsuenetako bat. Eta sagardoaren
bueltan uda parterako eskaintza zabala.

Txangoak eta sagardotegiak
Sagardoaren Lurraldetik (943 550 575/info@sagardoarenlurraldea.eus) sagardo ibaia den Urumea ertza bizikleta gainean ezagutzeko “Sagar Bike” ekimena iragarri dute. “Sagardo ibai honen inguruko sekretuak ezagutu eta Astigarragaino iritsiko zara, sagardoaren bihotzera”. Astigarragako Sagardoetxea eta Hernaniko Chillida-Leku museoak ezagutzeko bisitak ere aukeran.

Sagardoa eta itsasoa lotzen dituen txangoak ere iragarri ditu Sagardoaren Lurraldeak, Sagardoetxea eta Donostiako Aquariuma bisitatuz edota Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktoria. “Ba al zenekien sagardoa itsasoari oso lotua dagoela? Sagardoetxea Museoan, marinelek eskorbutoa ekiditeko zuten sekretua ezagutuko duzu”. Bertan, “museoa osatzen duten sagastiaren eta museo-gunearen bisita gidatua egitea da eta sagardo dastaketa gidatu batekin amaitzea. Ondoren, sagardotegira joan zaitezke ikasitakoa praktikan jartzera!”. Aipatu moduan, bisita guztion osagarri, sagardotegietan otordu ederrak egiteko aukera.

Sagardotegiak erdigunean
Sagardoa Route-tik (943 336 811 / info@sagardoa.eus) sagardotegien bueltan plan ezberdinak iragarri dituzte. Batetik, guneok ezagutu eta gero bertan otordua egiteko aukera. “Bizi sagardotegiko esperientzia, dastatu euskal sagardo naturala eta egin bidaia gure euskal jatorrira!”. Ibilaldiak mendian lehenbizi, eta menditik bueltan bazkariak sagardotegietan. “Ibilbide hauetan euskaldunen historia, sinesmenak eta mitologia batuko ditugu, baso, zelai eta tontorretatik ibiltzen garen bitartean. Kirol eguna sagardotegian bazkari on batekin amaituko dugu”.