Donostia 83. Musika Hamabostaldi betean izango da abuztuaren 27ra arte. Gipuzkoako hiriburuko hainbat antzokietan hamaika ekintza iragarri dituzte, baina baita bertatik kanpo ere, Euskal Herrira ere zabalduko da ia hilabetera luzatu ohi den hamabostaldia. "Abuztuaren 27an amaituko da Donostian eta Gipuzkoako, Arabako, Nafarroako eta Iparraldeko hainbat herritan 70 kontzertu eta emanaldi baino gehiago eman ondoren".
Besteak beste, Organo Zikloa iragarri dute aurten ere, Tolosan, Azpeitian, Deban, Donostian, Ataunen eta baita Usurbilen ere. "Oraingoan 15 kontzertu antolatu dira", antolatzaileen esanetan abuztuko lehen hamabostaldirako, "Gipuzkoako ondare organistiko aberatsa agerian utziz". Nabarmendu dutenez, "parte hartuko duten 14 organistetatik seik lehen aldiz joko dute Musika Hamabostaldian".
Tartean, Usurbilen ospatuko den kontzertuko protagonistak. Udalerri honetan izango da kontzertuotako bat Salbatore Elizan. Abuztuaren 14an izango da, igandearekin, arratsaldeko 20:00etan. Gunnat Idenstam organo jolearen emanaldiaz gozatzeko aukera izango da. Doako kontzertu honetan, "Peaceful Organ, garai nahasietarako meditazio inprobisazioak" eskaini asmo ditu, Usurbilgo Udalak lagunduko duen hitzorduan. Informazio gehiagorako, quincenamusical.eus atarian.