N-634 errepidetik

Espainiako Itzulia igaroko da asteazkenean

Noaua Aldizkaria 2022ko abu. 22a, 07:04

Txirrindulariak eguerdi partean igaroko dira N-634 errepidetik. Une horretan eten egingo dituzte ibilgailuen joan etorriak.

Txirrindularien hainbat zeharkaldi izan ditugu uda honetan. Presoen auzia konpontzeko Sareren bizikleta martxak uztailaren 24an Aginaga eta Usurbil zeharkatu zituen. Astebete beranduago, Donostiako Klasikako partaideek zeharkatu zuten inguru hau. Espainiako Itzuliaren txanda orain, asteazken honetan, abuztuaren 24an.

Espainiako txirrindularitza proba honek ere aurreko urteen antzera, Usurbil zeharkatuko du. Zehazkiago esanda, abuztuaren 24an jokatuko den bosgarren etapan. Irun eta Bilbo lotuko dituen 187 kilometroko ibilbidearen baitan, 26. kilometroa izango da udalerri hau. Txirrindulariak Donostia aldetik helduko dira, Txikierditik barrena. N-634 errepidetik igarotzen ikusi ahalko dira Usurbilen nahiz Aginagan. Handik Oriorantz joko dute. Informazio gehiago: lavuelta.es

Gipuzkoako hiriburuko Klasikarekin egin bezala, zeharkaldi hau dela eta, N-634 errepideko joan etorriak etenda geratuko dira tarte batez; 13:15-13:45 inguruan hain zuzen, Usurbilgo Udaletik ohartarazia dutenez.

2023ko Tourra, gertutik
Frantziako Tourra estreinakoz Euskal Herritik barrena igaroko da 2023an; 110. edizioa Euskal Herrian abiatuko da. Hala, 2023ko Tourreko lehen etaparen 185 kilometroko ibilbideak Bizkaiko hiriburua, Bilbo izango du abiapuntua eta helmuga. Uztailaren 2ko bigarren etapak Gasteiz eta Donostia lotuko ditu. 210 kilometroko ibilbideak Gipuzkoa hegoaldetik iparraldera zeharkatuko du, tartean Buruntzaldeko udalerri gehienak, Andoain, Urnieta, Hernani eta Astigarraga inguruak. 

Eta biharamuneko, hau da uztailaren 3ko hirugarren etapa Amorebietan hasi eta Baionan amaituko da. Kasu honetan, Gipuzkoa mendebaldetik ekialdera zeharkatuko dute txirrindulariek, tartean Usurbil ondotik igaroko dira. Oriotik Donostiara joango dira Mendizorrotzetik Igeldo zeharkatu ostean.