Ziztu bizian igaro dute herria Espainiako Itzuliko txirrindulariek

Noaua Aldizkaria 2022ko abu. 24a, 14:15

Itzuliko bosgarren etapak Usurbil eta Aginaga zeharkatu ditu N-634 errepidetik barrena.

Euskal Herriko Itzuliaz gain, azken urteotan Espainiakoak ere inguruok zeharkatzen ditu. Aurtengo edizioak jokoan jarritako asteazken honetako (abuztuak 24) bosgarren etapa Usurbildik eta Aginagatik igaro da, N-634 errepidetik barrena. Irunen hasi eta Bilbon amaituko duten 187 kilometroko ibilbidearen baitan, Donostia aldetik heldu dira txirrindulariak. Begiak ireki eta itxi orduko, iritsi baino azkarrago igaro dira gure artetik. Aurrez, segurtasunagatik itxiak zeuden errepideko sarbide nahiz irteera guneen bueltan, txirrindulariak ikustera joandakoak, nahiz ibilgailuetatik irtendako hainbat gidari.

Zenbaezinak izan diren antolakuntzako moto eta automobilen ondotik heldu dira txirrindulariak, denak tropelean, oraindik ez zen tarte nabarmenik ateratzen ari ziren partaiderik ikusten.

Uda honetako laugarren zeharkaldia ikusteko aukera izan dugu gaur; uztaila amaieran, Donostiako Klasikak zeharkatu zuen udalerri hau. Eta lehenago, bi aldarri nagusiren bueltan, beste bi bizikleta martxek; uztailaren 24an, Sarek antolaturiko bizikleta martxak, eta ekainean pentsio duinen aldekoak.

2023ko Tourra, gertutik
Datorren urtean ziur martxa eta zeharkaldi gehiago izango ditugu. Momentuz, finkatua dagoen hitzordua Frantziako Tourra dugu. Estreinakoz Euskal Herritik barrena igaroko da 2023an; 110. edizioa Euskal Herrian abiatuko da. Hala, 2023ko Tourreko lehen etaparen 185 kilometroko ibilbideak Bizkaiko hiriburua, Bilbo izango du abiapuntua eta helmuga. Uztailaren 2ko bigarren etapak Gasteiz eta Donostia lotuko ditu. 210 kilometroko ibilbideak Gipuzkoa hegoaldetik iparraldera zeharkatuko du, tartean Buruntzaldeko udalerri gehienak, Andoain, Urnieta, Hernani eta Astigarraga inguruak. 

Eta biharamuneko, hau da uztailaren 3ko hirugarren etapa Amorebietan hasi eta Baionan amaituko da. Kasu honetan, Gipuzkoa mendebaldetik ekialdera zeharkatuko dute txirrindulariek, tartean Usurbil ondotik igaroko dira. Oriotik Donostiara joango dira Mendizorrotzetik Igeldo zeharkatu ostean.