Hasteko, udako etenaldiaren osteko lehen aldizkaria jai egunez betetako datorren astean argitaratuko dugu, aurtengoan egutegian gorriz nabarmendua ageri den irailaren 9ko datarekin. Lehenago, astelehenean, hilaren 5ean eramango dugu inprentara. Oharrik baduzue beraz, ostiral hau, irailaren 2a baino lehen helarazi erredakzioa@noaua.eus helbidera, kultur elkarteko egoitzara (Bordaberri 3, behea) edo 943 360 321 telefono zenbakira.
Udazken beroa
Udazkeneko eskaintza prestatzen hasi da jada NOAUA! Kultur Elkartea. Aurten ere ekintza ezberdin ugari izango ditugu. Batetik, Plis Plas Txalo eta Jolas egitasmoan, txikienentzako kale ikuskizun bat izango dugu irailaren 23an, "Zirkobira" izenekoa. Azaroan Kulturaldiaz gozatzeko aukera izango dugu eta Euskaraldiaren 3. edizioa ere ospatuko dugu. Noski San Tomas azoka ere izango dugu urtea bukatu aurretik. Eta kontu gehiago ere bai. Adi beraz, udazkeneko agendari!!!
Bazkidetza
Uztailean hasi zen bideratzen kultur elkartea bazkidetzen ordainketa. Gogoan izan, bazkideon artean, zuen datu pertsonaletan aldaketarik egon bada ahalik eta lasterren jakinaraztea eskertuko genizueke.
NOAUA!kide ez zaretenoi animatu bazkide izatera! NOAUA! Kultur Elkarteko kide izanda, elkartearen erabakietan eskuhartzeko eskubidea izango duzue, beherapenak elkarte honek antolaturiko ekitaldietan, hobaria errenta aitorpenean, eta garrantzitsuena, egitasmo hau babestu eta bultzada emango diozue.
Bazkidetza kultur elkarteko egoitzan bideratu dezakezue, web orrialde honetan bertan, noaua.eus/bazkidetu/ atalean.