Kontuhartzailetza lanposturako onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda kaleratu du Udalak

Noaua Aldizkaria 2022ko abu. 30a, 12:41

68 hautagai izan dira onartuak eta 3 baztertuak, behin-behinean.

Kontuhartzailetza Usurbilgo Udaleko kontu-hartzailetza lanpostua bitarteko izaeraz eta oposizio lehiaketa bidez betetzeko deialdia marxan dute. Uztailaren 27tik abuztuaren 10era izan zuten interesdunek eskaerak aurkezteko epea. Deialdira, 71 hautagai aurkeztu ziren. Urrats berriak eman ditu orain Udalak deialdi honen baitan; batetik, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratu du astearte honetako, abuztuaren 30eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. 68 izan dira onartuak, 3 baztertuak.

Iragarki berean gainera, hautaketa prozesu honetarako epaimahaia ere izendatu duela berri eman du Udalak.  Zerrendei dagokienean, erreklamazioak aurkezteko "10 egun balioduneko epea izango dute" interesdunek bihartik, hilaren 31tik hasita. Tarte horretan, "erreklamaziorik aurkeztu ezean, behin-behineko zerrendak behin betiko bihurtuko dira".

Bi lan poltsa
Kontu-hartzailetza lanpostua bitarteko funtzionario batek betetzeko hautaketa prozesua egitea da deialdiaren helburua, oposizio-lehiaketa sistema bidez (azterketa), lanpostu hori Espainiako gaikuntza nazionaleko Toki Administrazioko funtzionario batek bete arte. Postu hori eskuratzeko baldintzen artean dago 3. edo 4.n Hizkuntza Eskakizuna egiaztatzea: lehentasunez, 4. HE dagokio, baina izangai batek berak ere ez badu hori egiaztatzen, 3. HE aplikatuko zaio".

Prozesuaren amaieran, bi lan poltsa osatuko dira. Lehenengoa, 4HE egiaztatuta izan eta hautaketa prozesua gainditu duten izangaiek osatuko dute; bigarrena, 3HE egiaztatua izan eta hautaketa prozesuko oposizioa gainditu dutenek.

Izena emateko bete beharreko eskaera orriak ere deialdiarekin batera argitaratu dituzte. Xehetasun gehiago udalaren webgunean.