Udal lan deialdietarako tasa, behin betiko onartua

Noaua Aldizkaria 2022ko abu. 30a, 12:05

Ekainaren 23ko udalbatzarrean hasieraz onarturiko erabakietako bat behin betiko onartutzat jo duela berri eman du asteotan Usurbilgo Udalak, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez.

Tasa berri bat indarrean jartzea onartu zuen Usurbilgo Udalak ekainaren 23ko udalbatzarrean; udal lan deialdietara aurkezteko ordaindu beharko dena datozen bi urteotan. Hasieraz onartu ostean, hilabeteko epea zabaldu dute alegazioetarako. "Udalbatzak, 2022ko ekainaren 23an egindako Osoko Bilkuran, 2022rako Ordenantza Fiskalen behin behineko aldaketa onartu zuen, tasa berri bat sortzeko. Hartutako erabakiak eta horretarako izapidetu den espedientea jendaurrean jartzen dira", berri eman zuen ekainaren 28ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak. Orain, "arauzko informazio publikoko epea amaitu eta erreklamaziorik jaso ez denez, behin betirako onartu dira Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnetik aurrerako eraginez, tasen ordenantza fiskalean eginiko aldaketak", dio Udalak abuztuaren 25eko GAO-n argitaraturiko iragarkiak.     

26 lanpostuko Lan Eskaintza Publikorako
Usurbilgo Udalak maiatzean berri eman zuen moduan, ezinbestean bete beharreko Espainiako Egonkortze Legea tarteko, Usurbilgo Udalaren Tokiko Gobernu Batzordeak 26 lanpostuko Lan Eskaintza Publikoa onartu zuen, “administrazio publikoko lanpostuen behin-behinekotasun tasa jaisteko”. Udalak 2024. urtea amaitu arteko tartea du, prozesu guztiok amaitzeko.

Datozen bi urteotan beraz, lan eskaintza publiko honen harira, udaletxean "ohi baino lan bolumen handiagoa" izango duela aurreikusten du udal gobernu taldeak, deialdiotan izen emate masiboak izan daitezkeelako. Horren harira, deialdiotara aurkezteko asmoa dutenentzat 10 euroko tasa bat ezartzea onartu dute. Administrazioan, hainbat erakundeek ohituraz ezarritako neurria Usurbilgo Udalak bi urteotan, lan eskaintza publiko honi lotutako kudeaketa amaitu arte izango da indarrean. "Ohiko lan bolumenera itzultzean kentzea aurreikusten dugu".

Tasa honekin helburu bikoitza bete nahi dute; batetik, lan bolumen gehigarri honek eragindako kostuak "neurri txiki batean arintzea". Eta bestetik, lan eskaintza publiko honetara "benetan interesa duen jendea aurkeztea" sustatzea.

Tasa hau ordaintzen dutenen kasuan, norbere egoeraren arabera, hobariak jasotzeko aukera izango dute.

Proposamena gehiengo osoz onartu zuen udalbatzak ekainaren 23ko osoko bilkuran, EHBildu eta PSE-ren aldeko bozkekin. EAJ abstenitu zen.