Mugi txartela dutenentzako hobariak gaurtik, abenduaren 31ra. Datozen lau hilabeteotan garraio zerbitzuak baliatzea %50 merkeagoa izango da EAE-ko garraio zerbitzu gehienetan. Usurbildik gertuen Lurraldebusen eta Euskotrenen. Herri barruan, Usurbilgo Udalak eta Behemendik sustaturiko Bidez Bide garraio zerbitzuari ez dio eragingo deskontuak, doakoa baita bus-taxia. Beherapena Espainiako Gobernuak ekainean onartutako gizarte-neurriei lotutako dekretutik dator, "prezioen gorakada handiari, energia-krisiari eta erregaien kostuari aurre egiteko asmoz onartua".
Dekretu harekin bat egin dute udan zehar euskal erakundeek, Jaurlaritzak, udalek eta foru aldundiek. Gipuzkoako Aldundiak berri eman duenez hain zuzen, "onartutako jaitsiera honek % 50 handitzen ditu erabileragatiko deskontu progresiboak. Horrela, bada, orain arteko % 48, % 58 eta % 90eko deskontuak handitu egingo dira, eta % 74, % 79 eta %95 izatera igaroko dira, hurrenez hurren". Zehazkiago esanda:
-Lehen bidaia-tartean (hileko 1-20 bidaia tartean), % 48ko deskontu orokorra % 74ra arte zabalduko da, urteko azken lauhilekoan.
-Bigarren bidaia-tartean (21etik 50erakoan), deskontua % 58tik % 79ra pasatuko da.
-Azken tarteari dagokionez (51 bidaia edo gehiago egitean), beherapenaren ehunekoa % 90etik % 95era igoko da.
Orain arteko hobariak mantenduko dira
Deskontuoz gain, "kolektiboek jasotzen dituzten hobariak mantenduko dira, eta, beraz, gaur egun 150.000 erabiltzaile inguru jasotzen dituzten aparteko kargak mantenduko dira. Gogoan izan behar da sisteman egiten diren bidaia guztien % 42a —ia erdiak— pertsona eta kolektibo ahulenei edo baliabide gutxiago dituztenei hobariak ematen dizkieten txartelekin egiten direla".
Argitu beharreko kontu bat. "Deskontua ez zaie aplikatuko paperean erosten diren joaneko eta joan-etorriko txartelei, eta hobaritik kanpo geratuko dira, era berean, EAEtik kanpoko garraio-erakundeekin hitzartutako abonuak ere (Passbask, Euskopass Txik-txak, Tranbus, Bortziri...)", argitu dute Eusko Jaurlaritzatik. Deskontu honen %30a Espainiako Gobernuak finantzatuko du, gainerakoa euskal erakundeek.
Mugi txartelari buruzko informazio gehiago hemen: mugi.eus