Iraila

Itzulerarako kultur agenda prest, bigarren hamabostaldirako ekintza sorta zabalarekin

Noaua Aldizkaria 2022ko irailaren 1a

Santueneko jaiak, omenaldia Irubiden, Txirikorda jardunaldiak... eta gehiago dakarkigu udako oporraldiaren amaierak.

Askorentzat "urte hasiera" modukoa dugu iraila. Eta ikasturte hasieran, aisialdi tartea antolatzekoa. Ikastaro eskaintza zabala iragarri dute herri eragile anitzek datozen hilabeteotarako eta iraila matrikulazio garaia izango da. Baina gehiagorako ere emango du estreinatu berri dugun hilabeteak. Usurbilgo Udalak etxez etxe banatu duen kultur agendari erreparatu besterik ez dago, datozen asteek dakarkigutena ezagutzeko.

Hitzorduen eskaintzari begira, datozen asteotako arreta guneetako bat Santuenea izango da. Hilabete bizi askoa izango dute auzoan. Hasteko, udako oporraldia agurtu eta 2022-23 ikasturteari harrera egiteko haur jolasak eta afari-merienda iragarri dute larunbaterako, irailaren 3rako. Hainbat ikastaro baita auzo elkarteak. Jai Batzordeak festen itzulera badatorrela jakinarazi digu; irailaren 16tik 18ra ospatuko dira. Egunez eguneko ekitaldien zerrenda web orrialde honetako "Agenda" atalean aurki dezakezue. Ohi bezala, ez dira faltako patata tortila, mus nahiz toka eta igel txapelketak. Pala txapelketak girotuko du jaien atarikoa. Haurrentzako ere eskaintza zabala; buruhandiak, tailerrak, jolasak, bazkaria... Hainbat jaki goxo dastatzeko aukera; piperrak, sardinak, txokolatea... Auzotarrak bilduko dituen herri bazkaria eta berrikuntzak baita; karro-kalejira, "balkoi premiyua"... Eta gauak Dj saioenak izango dira.

Omenaldia Irubiden
Santueneak jaien lekukoa Aginagari pasako dio irailaren 30ean, festen denboraldia borobilduko dute San Praixkuek. Lehenago, nabarmentzeko bi hitzordu. Batetik, oroimen historikoa berreskuratzeko lanean diharduen Usurbil 1936 elkarteak irailaren 18rako antolaturiko omenaldia Irubiden. Bertan, "memoria gune berria ezarriko du Usurbil 1936 elkarteak" eta hala, "Gipuzkoan ezagutzen den 1936ko gerrako hobi komun handienetakoa gogoratuko dugu Irubide izeneko inguruan, hain zuzen ere". Irailaren 18an, 12:00etan. 

Eta irailaren 23an eta 24an, etorkizun hurbilean belaunaldi arteko herritarren bizilekua izango den Ugartondo urbanizazio berrian kokaturiko Txirikorda etxebizitzaren bueltako jardunaldiak antolatu ditu Usurbilgo Udalak. Esperientzia ezberdinak ezagutzeko aukera izango da; belaunaldi arteko esperientziak eta baita "etxebizitza komunitario eta kooperatiboen esperientziak" ere. 

Ekitaldi gehiago; Usurbilgo Sexuen Aholkularitza Guneak (USAG) Sutegin antolaturiko "Sexuen ibilbidean USAG bidaidea. Pentsatu, izan eta bixi bizi" izeneko erakusketa. NOAUA! Kultur Elkartearen eskutik, gaztetxoenei zuzenduriko "Plis, Plas, txalo ta jolas" ekimenaren baitan, "Zirkobira" kalejira irailaren 23an. Eta Usurbilgo Euskal Kantu Taldekoen itzulera plazara biharamunean.