2022-23 ikasturtea

Zikloka itzuliko dira egunotan ikasleak ikasgeletara

Noaua Aldizkaria 2022ko ira. 5a, 10:28

Jai egunen ikuspegitik, "xelebre" samarra izango den aste honetan ekingo diete ikastetxeek 2022-23 ikasturteari. Usurbilen, zikloka itzuliko dira egunotan ikasleak.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak irailaren 8rako finkatua du 2022-23 ikasturteari ekiteko eguna. Gurean hainbat ikastetxe ditugu; Aginagako eta Zubietako Eskolak, Udarregi Ikastola, Atalluko Oinarrizko Lanbide Heziketa, Zubietan kokaturiko Lanbide Eskola eta Oriarte Lasarte-Usurbilgo institutua. Institututik hasita, hilaren 8an 9:00an 2. Batxilergoko ikasleen aurkezpen saioa egingo dute, ordubete beranduago lehen mailakoena.

Udarregi Ikastolari dagokionean, astelehen honetan, DBH-ko ikasleek aurkezpen saioa zuten 11:00etan.  Biharamuna, jai eguna. Irailaren 7tik 8:25-14:30 artean iraila osoan ariko dira. Urritik aurrera, asteazken eta ostiraletan lanaldi jarraituan. Irailaren 7an hasiko dute ikasturtea HH eta LH-ko ikasleek. Hilaren 23ra arte 9:00-12:30a artean izango dituzte klaseak. Hilaren 26tik aurrera: 9:00-12:30 artean eta 14:30-16:30 artean. 

Lanbide Eskola
Lanbide Eskolako ikasleak ostegunean ekingo diote ikasturte berriari. Lehen mailako ikasleek areto nagusian. 9:00etan erdi mailako zikloetako ikasleak bilduko dira; mekanika, elektrizitatea, mantenu eta administraritza ikasten hastera doazenak. Segidan, goi mailako zikloetako lehen mailako ikasleen txanda; 9:20an administraritza eta mekanikakoenak; 9:40an robotika, mantenua, efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrien arloetakoenak. Azkenik, goizeko 10:00etan 2. mailako ikasleak dagokien ikasgeletan elkartuko dira.