Txikienak gurasoei eskutik helduta, helduagoak beren kabuz. Autobusak herrian bueltan, motxilen dantza, iratzargailu goiztiarren soinua... Hasi da 2022-23 ikasturtea, ohiko eran. Ezohikoa izateari utzi dio, ezohiko aurreko bi ikasturteak atzean utzita ekin diote sasoi berriari Udarregi Ikastolan. Covid19 protokolorik gabe, musukoak jantzi eta taldekatzeak egin beharrik izan gabe. Azken bi urteotako osasun krisialdiaren aurreko eran. Goizeko 9:00ak jotzear zirela, asteazken honetan bertan ateratako irudiak dituzue ondokoak, HH eta LH zikloetako eraikinaren, Agerialderen bueltan jasotakoak. Egunerokotasuna itzuli da ikasle, irakasle eta gurasoen artera.
Gogoan izan, astelehenean izan zuten DBH-ko ikasleek aurkezpen saioa. Asteazken honetatik, irailaren 7tik 8:25-14:30 artean izango dituzte klaseak iraila osoan. Urritik aurrera, asteazken eta ostiraletan lanaldi jarraituan. HH eta LH-ko ikasleek hilaren 23ra arte 9:00-12:30a artean izango dituzte klaseak. Hilaren 26tik aurrera: 9:00-12:30 artean eta 14:30-16:30 artean.
Zumarten ere gaurtik martxan
Ikastolarekin batera, Zumarte Musika Eskolak ere gaur ekingo dio ikasturte berriari. "Konturatu gabe, oporrak bukatu zaizkigu eta 2022-23 ikasturteari hasiera emateko garaia iritsi da!", adierazi dute musika eskolatik. Asteazken honetan, irailaren 7an hasiko dituzte saioak. Abesbatzakoak astebete barru. "Abesbatzako irakasle berriaren hautaketakin arazo txiki bat izan dugu eta jakinarazi nahi dizuegu abesbatzako saioak irailaren 14an hasiko direla. Barkatu eragozpenak".
Osteguna, hasiera eguna
Udarregi Ikastolan gaur abiarazi badute ere 2022-23 ikasturtea, izatez Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak ostegunerako, irailaren 8rako finkatua du klaseen hasiera ikastetxeetan. Gurean hainbat ikastetxe ditugu; Aginagako eta Zubietako Eskolak, Atalluko Oinarrizko Lanbide Heziketa, Zubietan kokaturiko Lanbide Eskola eta Oriarte Lasarte-Usurbilgo institutua. Institututik hasita, hilaren 8an 9:00an 2. Batxilergoko ikasleen aurkezpen saioa egingo dute, ordubete beranduago lehen mailakoena.
Lanbide Eskolako ikasleak ostegunean ekingo diote baita ikasturte berriari. Lehen mailako ikasleek areto nagusian. 9:00etan erdi mailako zikloetako ikasleak bilduko dira; mekanika, elektrizitatea, mantenu eta administraritza ikasten hastera doazenak. Segidan, goi mailako zikloetako lehen mailako ikasleen txanda; 9:20an administraritza eta mekanikakoenak; 9:40an robotika, mantenua, efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrien arloetakoenak. Azkenik, goizeko 10:00etan 2. mailako ikasleak dagokien ikasgeletan elkartuko dira.