Irailaren 27an estreinatuko dute, Lur Errekondok ETB-n aurkeztuko duen "Naufragoak" saio berria

Noaua Aldizkaria 2022ko ira. 7a, 11:09
Argazkia: EITB.

"Abentura reality" berria aurkeztuko du Usurbilgo kirolariak udazken honetan Euskal Telebistan. Gaur plazaratu dituzte, irailaren 27an estreinatuko duten saio honen inguruko xehetasunak.

Uztailean eman zuen ezagutzera Euskal Telebistak, udazken honetan "abentura reality" formatuko lehiaketa berri bat estreinatuko zuela eta aurkezleetako bat Lur Errekondo Sola herrikidea izango zela. Asteazken honetan, xehetasun gehiagoren berri eman du aipatu telebista kateak egunotan Gasteizen ospatzen ari diren FesTVal jaialdiaren baitan. Errekondok Iñigo Vicensekin batera aurkeztuko duten "Naufragoak" izeneko saio berria irailaren 27an estreinatuko dute ETB1-en. "Euskal Telebistako udazkeneko apustu garrantzitsuenetako bat" izango dela iragarri dute. "Kariben girotutako abentura ikusgarri honetan, zazpi bikote eta bikoterik gabe parte hartuko duten lau lehiakidek beraien bizitzako erronka gogorrenari aurre egin beharko diote itsasoan galdu ondoren". Lehiakideak gaur emango dituzte ezagutzera Arabako hiriburuan 19:30etan Principial Antzokian egingo duten aurreestreinaldian.

Hostoil Produkzioak ekoiztetxeak prestatu du telebistan eskainiko duten proiektu hau, "El Conquistador del Caribe" saioaren sortzaileek hain zuzen. "Karibe itsasoak paradisuzko harea zuridun hondartzak ekartzen dizkigu gogora, baina hurakan eta arriskuz beteriko itsasoa da. Ur bero eta arriskutsu hauetan kokatuta dauden zazpi uhartetan zehar, Karibean galduko diren reality berriaren protagonistek bizirauteko joko eta proba gogorrei aurre egin beharko diete. Hondartzen lehen lerroan dauden kokondoak atzean izkutatzen den infernuaren ateak dira, besterik ez, sugeen, armiarmen eta milioika moskitoen bizilekua. Gainera, hezetasunak eta puntako tenperaturek bertan lehiatzeko baldintzak gogortu baino ez dituzte egiten", iragarri dute.

Aipatu moduan, "Naufragoak" irailaren 27an estreinatuko dute ETB1-en eta egun horretatik aurrera asteartero izango da ikusgai aipatu telebista kate berean eta eitb.eus atarian. Horrez gain, "astelehen, astearte eta asteazkenetan 15 minutuko saio bereziak eskainiko dira eguerdiko albistegiaren ondoren. Bertan, momentuan momentuko informazioa eta material esklusiboa bilduko dute bi aurkezleek. Halaber, reality berriak tarte berezia izango du "Biba Zuek!" saioan". Baita sare sozialetan ere. "Izaro Bereziartua influencerrak Twitter, Instagram, TikTok eta eitb.eus-eko kontuak eduki bereziekin beteko ditu abenturak aurrera egin ahala".