Abisu horian igandean, beroagatik eta baso-sute arriskuagatik

Noaua Aldizkaria 2022ko ira. 10a, 09:51

Bi abisu hori izango dira indarrean datozen egunotan.

Oraindik uda giro betean garela gogoraraziko digun albistea lerrootan. Bero egingo du igande honetan, irailaren 11n. Abisu horia ezarri dute "muturreko tenperatura oso altuengatik", 13:00-19:00 artean. Igande goizeko 9:00etan hasi eta astelehen arratsaldeko 15:00ak arte bestalde, abisu horia baita baso-sute arriskuagatik. "Baso-sute arriskua handia da EAE osoan hegoaldeko haizearen indarragatik eta tenperatura altuengatik", ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak.

Usurbilen, giro eguzkitsua izango dugu baita asteburu osoan. Larunbat honetan 24 graduko tenperatura, "zerua hodei gutxirekin egongo da, goi-hodei batzuekin. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da, egunaren lehen partean hego-osagaikoa nagusituz eta ipar-osagaikoa arratsaldean. Tenperatura maximoak nahikoa igoko dira". Bero handiagoa izango dugu igandean, 33 graduko tenperaturarekin. "Zerua hodei gutxirekin edo oskarbi egongo da. Hego-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, goizaldean, goizean goiz eta egunaren azken orduetan, bolada gogor batzuekin, bereziki ekialdean; arratsaldean brisa ibiliko da. Tenperatura minimoak nahikoa igoko dira, eta maximoak nabarmen edo asko igoko dira".

Astelehenean aldaketa, 31 gradu ingururaino igoko da tenperatura halere. "Egunaren lehen partean erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak ugarituko dira, egunaren bigarren partean zerua hodeitsu edo oso hodeitsu geratu arte. Zaparrada txiki-ertainak bota ditzake, bereziki egunaren bigarren partean; orduan trumoitsuak izan litezke. Hego-osagaiko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin. Tenperatura minimoak nahikoa igoko dira. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus