Itzulera egunak, ikasturte berriaren hasiera eremu anitzetan, baita kulturgintzan ere. Iaztik abian den lanketa prozesuaren baitan, Usurbilgo Kulturgunea eraikitzen segitzeko ikasturte berri honen hasierako lehen bilkura deitu dute, asteazkenerako, irailak 14, arratsaldeko 18:00etan Potxoenean. "Bertan elkarrekin ikasturte berrirako helburuak finkatuko ditugu, denon artean elkar lagunduz gehiago lortu ahal izango dugulako". Deialdi honen berri dutenei, ingurukoak hitzordura joateko gonbita luzatzea eskatzen diete. "Gonbidatu inguruan ezagutzen duzuen kulturzale oro, bai sortzaile bai antolatzaile edo komunikatzaile izan".
Gogoan izan, barne lanketa betean da iragan udazkenetik Usurbilgo kultur mugimendua. Eragileak, taldeak, norbanakoak, elkar ezagutu, beharrak identifikatu eta etorkizunera begirako bilgune bat eraikitzeko lanetan. Barne prozesu horretan geldialditxoa egin eta plazara ateratzea erabaki zuten iragan ekainaren 5ean. Herriko kultur mugimenduaren erakusleihoan bilakatu zen Kultur Azoka arrakastatsua ospatu zen Dema plazan. Herrira begirako erakusleihoa izateaz gain, Usurbilgo sortzaileak, kultur arloko eragileak elkar ezagutzeko, eta ezkutuan geratzen den lanketa prozesua ezagutarazteko hitzordua izan zen estreinakoz ospaturiko Kultur Azoka, kulturgunea bera aurkeztearekin batera. "Eta a zer esperientzia. Antolakuntza lanetan ibili ginen guztion partetik eskerrik beroena gerturatu zineten guztioi". Usurbilgo Kulturgunetik albiste honi atxikitako bideoa grabatu zuten azoka haren bueltan.