Sutegi, Sexuen Aholkularitza Gunearen erakusleihoa

Noaua Aldizkaria 2022ko ira. 13a, 10:07

Udal zerbitzuak bideratzen duen lanketa ezagutzeko erakusketa duzue ikusgai asteotan Sutegin. Zehazkiago esanda, Gaztelekuarekin bideraturiko lankidetzaren lagin bat izango duzue ikusgai irailaren 22ra arte.

Erakusketa berri bat asteotan Sutegin, “sexuen ibilbidean, Usurbilgo Sexuen Aholkularitza Gunea bidaidea. Pentsatu, izan eta bixi bizi” izenekoa. “Gure lan egiteko modua, landu daitezkeen moduak eta gogoeta interesgarriak agertuko zaizkigu”.

Gaztelekuarekin sexualitateaz hitz egiteko eginiko lanketaren lagin bat da kultur-etxean ikusgai dagoena. Gaiari buruzko taldeko elkarrizketak sustatu zituzten, hainbat kartel pizgarri moduan baliatuta. Hausnartu eta partekaturiko hainbat ideiaren erakusleiho izango da Sutegi irailaren 22ra arte. "Sexua, balore bat da. Izateko era aberasten duen ezaugarri singularra, elkar erakartzeko ezinbesteko osagaia eta bizitza-egitasmoak bultzatzen dituena. Sexuaz pentsatzeak, gure burua eta besteena ulertzeko aukera emango digu, antzekoak izan arren ezberdinak garelako. Hamaika galdera, jakin-min eta gertaera sortzen dira sexu-kontu honen inguruan". 

Usurbilgo Sexuen Aholkularitza Guneak “informazioa, formazioa eta bikote edo bakarkako aholkularitza sexologikoa” eskaintzen jarraituko du orain arte bezala, aurrerantzean ere sexu-identitatearen, desiraren, orientazioaren, haziera erotikoaren eta gai gehiagoren inguruan. “Adin guztietako pertsonei zuzendua, edozein zalantza argitzeko. Harremanetarako zailtasunak gainditzeko laguntza” eskaintzen segiko du bideotatik: sexuaholku@usurbil.eus / 697 919 516.