Gaur ere ekaitz arriskua, gauerdira arte abisu horian

Noaua Aldizkaria 2022ko ira. 13a, 08:06

"Ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daitezke", ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak.

Atzo bezala, ekaitz arriskua astearte honetan ere, irailaren 13an. Abisu horian izango gara gauerdira arte, Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, prezipitazio handiagatik. "Ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daitezke. Zaparrada trumoitsuak botako ditu, zenbait lekutan handiak izan daitezke, bereziki ekialdean, txingorra ere bota dezake eta ekaitz-guneetan haize-bolada gogorrak edo oso gogorrak izan daitezke". 

Usurbilen datozen orduotan, Euskalmet-en arabera, "arratsalde-gau partean bero-hodeiak agertuko dira eta ekaitzak jo lezake. Hego-haizea ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura maximoak nahikoa jaitsiko dira". Asteazkenean, "hodeiak eta ostarteak; egunaren bigarren partean hodeiak ugaritu egingo dira. Goizean hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, arratsaldean ipar-mendebaldera aldatuko da. Tenperatura minimoak nahikoa edo nabarmen jaitsi eta maximoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira".

Euritara joko du ostegunean. "Zerua oso hodeitsu egongo da eta noizbehinka zaparradak botako ditu. Goizetik aurrera ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da. Tenperatura minimoak gutxi edo nahikoa jaitsi eta maximoak nahikoa edo nabarmen jaitsiko dira", zehaztu du Euskalmet-ek.

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus