PSEEk Danfossi eskatu dio lantegi berriko lan-eskaintzak “nagusiki usurbildarrentzat” izatea

Noaua Aldizkaria 2022ko ira. 13a, 18:25

Danfoss enpresa multinazionalak Usurbilen instalazio berri bat egin du telekontrol dibisiorako. Astelehenaz geroztik martxan da instalazioa eta Usurbil telekontrol negozioen sektorean erreferente bilakatuko da mundu osoan. PSEEko bozeramaile Francisco Suarez pozik agertu da berriarekin eta herriko familia askorentzat lan aukera izango dela uste du.

 

Bozeramaileak Danfossi eskatu dio eskaintzak lehentasunez Usurbilen erroldatutako bizilagunentzat izan daitezela, eta enplegu egonkorra eta kalitatezkoa susta ditzala. Suarezen ustez, negozioak eragin argia izango du Usurbilen, eta herri hazkunde ekonomikoa sustatuko da enplegua sortuz: “Krisi ekonomiko eta sozialarekin, Ukrainako gerrak eragindako prezioen gorakadarekin, Danimarkako enpresa erraldoiak bere instalazioak handitzea eta lantegi berria bultzatzea erabaki izana, oso onuragarria izango da”.