Irailaren 18rako ekitaldia deitu du oroimen historikoa berreskuratzeko lanean ari den Usurbil 1936 elkarteak Irubiden. Zehazkiago esanda, Usurbildik Donostiara bidean, Txikierdi igaro eta N-634 errepidetik barrena, Errekaldera iritsi aurretik, N-634tik autopistara igotzeko dagoen bide zatian, Luzuriaga eta Iberdrolaren zentralaren parean. Eguerdiko 12:00etan, ondoko argazkiko eremuan hain zuzen, memoria-gune berri bat berreskuratuko du Usurbil 1936 elkarteak, azken urteotan egiten ari den lanketari segida emanez. Egun sinbolikoan gainera, irailaren 18an 86 urte beteko baitira tropa faxistak Usurbilen sartu zirenetik. “Aspalditik dakigu kolpistek, besteak beste Donostia, Usurbil eta Lasarteko jende andana erail eta lurperatu zutela eremu horretan. Leku hori exekuzio gune bat zela berresten duten testigantza ugari dago”, diote Usurbil 1936 elkarteak. Hilaren 18ko ekitaldian bertan “oroigarri bat jarriko dugu”, iragarri dute.
Lekukotzei esker hain zuzen, bertan fusilatutakoen artean Igara bizilekua zuen Jose Heredero Pinela usurbildarra eta Juan Antonio Irulegi andoaindarra zeudela berresten duten “zantzu asko ditugu”. Horregatik eremu horretan oroigarria kokatu nahi dute, Pinelari, Irulegiri eta “zorigaitzeko hilobi horretan egon daitezkeen beste herritar guztiei aitortza egiteaz gain, urteetan ezkutuan egondako bidegabekeria nolabait ikusgarri egiteko”.
Usurbildar bat fusilatuen artean
Usurbil 1936 elkartetik irailaren 18ko ekitaldian oroituko dituzten bi fusilatuei buruzko zehaztasunak eskaini dizkigute. Jose Heredero Pinela, aipatu moduan Usurbilen jaioa, ezkondu eta Donostiara bizitzera joan zen. “Txofer lanetan ibiltzen zen. Igarako autobus linea sortu zuen inguruetako baserritarrek beren ekoizpenak Donostiara saltzera eraman zezaten”. 1936ko urriaren 3an, 33 urte zituela fusilatu zuten Irubiden. Bi egun beranduago, fusilatu zuten eremu berean Juan Antonio Irulegi Ulanga andoaindarra. “Donostiako Alde Zaharrean Intza taberna zeukan Paulina Garmendia emaztearekin. Abertzalea zelakoan, atxilotu eta Irubiden desagerrarazi zuten”. Usurbil 1936 elkartetik oroimen ekitaldi honetan parte hartzeko gonbita luzatu dute. Baina espazio kontuagatik, ahalik eta ibilgailu gutxienetan joateko deia egin dute.