Txirikorda

Bizi eredu komunitarioa sustatuko dute Ugartondoko 16 etxebizitzek

Noaua Aldizkaria 2022ko ira. 20a, 13:18

Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa 2023. urte hasierarako eraikia egongo dela aurreikusia du Usurbilgo Udalak. Bizi eredu komunitarioa sustatuko dute, 18-30 urte arteko gazteak eta 65 urtetik gorako herritarrak elkarbizitzen jarriko dituen Ugarte baserri ondoan kokaturiko 16 etxebizitzek. Txirikordaren eguneroko funtzionamendua, maizterren hautaketa... eta egitasmoaren ezaugarri gehiago ere zehaztu ditu jada Usurbilgo Udalak. Lerrootan dituzue.

TXIRIKORDA BELAUNALDIARTEKO ETXEBIZITZA KOMUNITARIOA
Nori zuzendua: etxejabeak ez diren 18-30 urte arteko gazteei eta 65 urtetik gorako helduei.
Helburuak: gazteen emantzipazio beharrei eta adinekoen bakardade edota etxebizitzako irisgarritasun arazoei aurre egitea.
Kokagunea: Ugartondoko urbanizazio berria, Ugarte baserriaren ondoan.
Etxebizitza kopurua: 16. Kolektibo bakoitzarentzat zortzina etxe. "Kolektiboren batean ordezkariek ez balego, 2-3 etxebizitza erreserban utziko lirateke. Itxaron zerrenda osatuko da etorkizuneko bajak betetzeko".
Etxebizitzen ezaugarriak:
-Logela bakarreko 10 etxebizitza eta biko beste sei.
-Etxebizitza bakoitzak egongela, sukaldea, komuna, logela(k) eta terraza ditu. Baita espazio komunak ere: terraza teilatuan, portxea sarreran, garbigailuak, biltegiak, sukaldea, jantokia, egongela, liburutegia eta erabilera anitzeko gela.
Elkarbizitza:
-Espazio autogestionatua izango da: bakoitzak bere etxe pribatua izango du, baina aldi berean, espazio komunak partekatuko ditu gainerako bizilagunekin.
-Komunitateak ezarriko ditu espazio partekatuak zeintzuk diren, baita "garbiketa txandak, erabilpenak eta ordutegiak".
-Norbanakoen eta kolektiboaren kontsumoak bereizi egingo dira. Erosketak, harpidetzak zein ondasun kolektiboen kontsumo adostuak sustatuko dira.
Esleipena:
-2 urte baino gehiagoz Usurbilen erroldatua egotea. 
-Eskaera norbanako moduan edo bizi nahi duten pertsonekin batera bideratu ahalko da, "betiere guztiek baldintzak betetzen badituzte". Logela bat edo bi behar diren zehaztu beharko da. 
-Eskatzaileek Udalak eskainitako formakuntzan eta prestaketan parte hartu beharko dute.
-Gazteen kasuan: zozketa bidez esleituko dira etxebizitzak gehienez 5 urterako.
-Helduen kasuan: gizarte zerbitzuek eskatzaileen beharrak neurtzeko baremazioa egingo dute. 5 urtekoa izango da etxebizitzen esleipena, baina luzagarria, "etxea esleitu uneko egoerak bere horretan jarraitzen badu".
-Errenta diru-sarrera guztien %15 izango da, hilero 90 euroko gutxienekoa ezarrita.
-Etxea jabetzen duten helduen kasuan, "kontratua sinatzen denetik urte bateko epean, etxebizitza hori hutsik ez dagoen konpromisoa hartuko dute".
Txirikordan bizitzeko konpromisoak:
-Komunitatean bizitzea: bestearekiko errespetua, parte-hartzea eta komunitateak banaka zein taldean egiteko adostutako lanak egiteko konpromisoa, astean ordu batzuk komunitateari eskaintzea.
-Energia berriztagarrien zein bertako kontsumo arduratsuaren aldeko apustua egiten du.
-Txirikordak Usurbilgo bizitza publikoan eragile aktibo izan nahi du: "beraz, barruko zein kanpoko jarduerak bultzatuko ditu".
Obren amaiera: 2023. urte hasiera.
Informazio gehiagorako: usurbil.eus/txirikorda / 943 371 951.
Iturria: Usurbilgo Udala.