Usurbil 1936

Herritarren dantza, errezitaldi eta musika emanaldiek giroturiko oroimen ekitaldia

Noaua Aldizkaria 2022ko ira. 19a, 13:21

Ohi bezala, Usurbilgo sortzaileek tarte berezia izan dute, Usurbil 1936 elkarteak Irubiden antolaturiko oroimen ekitaldian.

Musika, dantza, errezitaldiak edota trikiti doinuek girotu dute Usurbil 1936 elkarteak igande honetan, irailaren 18an Irubiden antolatu duen oroimen ekitaldia. Bittor Iribar, Jon Aizpurua eta Iñaki Errekondo hirukoteak eman dio hasiera hitzorduari adar soinuekin, Eli Eizagirrek eta Alazne Begiristainek jarraitu diete txalaparta saio ederrarekin. Begiristainek berak lagunduta errezitaldi bikaina eskaini du Alazne Arrutik. Agurra dantzatu zuten herriko dantzariek.

Joseba Tapiak Salbatore Mitxelenak 1938an idatzitako "gorputz dago gudaria" izeneko bertsoak musikatu eta abestu ditu. "Letren mundua ere mobilizatu zuen altxamendu hark eta produkzio handi bat ere egon zen. Gertatzen ari zen astakeria kontatu beharrez, jende askok kantuak eta poesiak idazteari ekin zion. Gehienetan egileen izenak ez dira agertzen, beste batzuetan izen soil batzuk, baina ezagunak ziren idazle eta bertsolariek idatzitako kantu asko dauzkagu", azaldu du Tapiak.

Amaitzeko, Jon Aizpuruak idatzitako bertsook abestu dituzte Irubidera joandakoek:

Irakaslea ala gorria
Helburua argi zuten
Herri baten_askatasun sena
Tiroka nahi zuten eten
Lurpean sartuz ixilarazi,
Ahotsa kendu zieten
Belaunaldi_bat mututu zuten
Mehatxu ke ilun baten
Kimu za(ha)rretik lore berririk
Berriro ez zedin irten

Irubideko zulo hauetan
Hezurrak daude gure zai
Laurogeia_sei urte oihuka
Ta oihuak ozen darrai
Entzuten ez zen xuxurla horrek
Ez zuenez ixildu nahi
Eten ez zuten haritxo hura
Soka bihurtu zaigu ai!
Oroi ditzagun jarraitzen dugu
Justiziagatik ere bai

Eskertza
Oroimen ekitaldian partehartu duten guztiei eskerrak helarazi dizkie Usurbil 1936 elkarteak. "Testigantzak jaso eta jasotzen segitzen dutenei, 1936 eta ondorengo garaitako memoria berreskuratzen laguntzen gaituzten herritar eta erakundeei, bereziki udalari. Gaurko ekitaldia prestatzen lagundu diguten udal langile eta herritarrei eta nola ez, bertan partehartu duzuen guztioi; txistulari, dantzari, adarjole, txalapartari, musikari, poeta, abeslari, bertsolari eta kazetari. Esker bereziak oroigarri hau eraikitzen aritu diren lagunei bere lan bikainagatik eta Fagor Ederlan enpresari, burdinezko blokea emateagatik". Eskertza baita bertaraturikoei. "Zuei guztioi era kolektiboan memoria gune hau finkatzeagatik, mila esker".