Usurbil 1936

"Tiroz hil eta gero, malkar batean botata utzi omen zuten gizon pila"

Noaua Aldizkaria 2022ko ira. 19a, 13:31

Hala diote Usurbil 1936 elkarteak duela 86 urte Irubiden jazotakoaz. Lekukotza horiei esker jakin ahal izan dute urte hartako altxamendu frankistaren ondotik tropa faxistek egungo N-634 errepide alboan eginiko sarraskiaz. Eta sarraski hura ekarri dute gogora tropa faxistak Usurbilen sartu zirenetik 86 urte bete diren irailaren 18an, oroimen gunean bilakatu duten Irubiden.

"Goiz hartan amak Donostiara joan beharra zeukan. Errekaldetik barrena Irubiden autobusa hartzeko asmotan zen. Gero itzuli zenean, kontatu zigun beldurgarria izan zela ikusi zuena. Horma baten antzekoa zegoela eta han tiroz hil eta gero, malkar batean behera botata utzi omen zuten gizon pila". Usurbil 1936 elkarteak duela 86 urte Irubiden jazotakoaz bildu ahal izan duen lekukotzetako bat da, Josefa Sarriegirena. Ez bakarra. "Normalean ni joaten nintzen bizikletan feriara. Hernanitik etxera nentorren batean, soldaduek alto eman eta buelta emateko agindu zidaten". Handik gutxira, metraileta hotsak entzun zituen Luzuriaga parean. "Piloa hil zituzten han, kontatzen du orduan 14 urte zituen Txarako Felix Olasagastik grabatutako lekukotasunak. Eta horrela, noiz edo noiz, maiz urte asko igaro ostean, hitz egitera ausartu ziren beste askoren adierazpenak ditugu", berri eman dute Usurbil 1936 elkarteak igande honetan Irubiden, duela 86 urte faxistek eginiko sarraskiaren eremu berean egindako ekitaldian.

Herritarren lekukotzak baino ez dituzte jaso ahal izan, garai hura bizi izan zutenena, nahiz haien ondorengoena. "Dokumentuen bilaketa antzua izan da oraingoz, gehienak atxilo edo preso hartu eta inolako epaiketarik gabe ekarri baitzituzten hona hiltzera". Horregatik, Irubiden bistaratu duten oroigarrian ez dute erahildakoen izen-abizenik zehaztu. Halere, "erahildakoen izen-abizenik jakiterik izan ez duten arren, "lekukotasun batzuetan oinarrituz, uste dugu bi identifikatu ditugula, erabateko segurtasunik ez eduki arren". 

Erahildakoen izana, "bizirik gorde behar duguna memorian"
Tropa faxistak Usurbilen sartu zirenetik 86 urte bete diren igande honetan omendu dituzte bi lagunak. "Bat Jose Heredero Pinela. Usurbilen jaioa. Bere gurasoak herriko maixu-maistrak ziren, ezkondu ostean Donostiara joan zen bizitzera. Txofer lanetan ibili zen, Igeldoko eta gerora Igarako autobus linea sortu zuen. 1936ko urriaren 3an 33 urterekin fusilatu zuten. Bestea, Juan Antonio Irulegi Ulanga, jatorriz andoaindarra, Paulina Garmendiarekin Bar Intza kudeatu zuen Donostiako Alde Zaharrean, gerraostean Bar España izendatzera behartu zutena. Seme-alaba bana zituen. EAJ-ko militantea, Donostiako defentsan aktibo ibili zen kolpisten aurka. 32 urterekin atxilotu eta hemen desagerrarazi zutela uste dugu, 1936ko urriaren 5ean".

Gainerakoen kasuan, izenik izan ez arren, Irubiden erahildako guztiak oroitu nahi izan dituzte, "badakigulako faxistek krudelki hemen desagerrarazi zituzten gizon-emakume haiek izana izan zutela eta hori da gure iritziz, bizirik gorde behar duguna memorian. Memoria hildakoentzat baino gehiago bizirik gaudenontzat baita garrantzitsua, haiek pairatutakoa ikertu, transmititu eta presente mantentzearekin, guztiontzat etorkizun hobea eraikiko dugulakoan baikaude. Izan zinetelako gara".

Herrikideak oroitzeko
Irubidekoa, Usurbil 1936 elkarteak berreskuratu duen laugarren oroimen gunea da. Aurretik, "hiru gune finkatu ditugu aurten; bat Aginagako hilerrian, bestea Meagako errepide bihurgune batean eta Udarregi Ikastolan hirugarrena", gogorarazi du Usurbil 1936 elkarteak. Xede argi batekin; memoria guneok berreskuratu eta "errepublikaren aurka armen bidez matxinatutakoek hil zituzten gure hainbat herrikide oroitzeko". Irubiden bezala. "Inguru honetan jazoera latzak, izugarrikeriak gertatu ziren".