Usurbil 1936

Fusilatuen senideak: "Memoriarik gabe ezin garelako bakean elkarbizi"

Noaua Aldizkaria 2022ko ira. 19a, 13:29

Zantzu askoren arabera, faxistek duela 86 urte Irubiden erahil zuten Jose Heredero usurbildarraren senideek hartu dute hitza, Usurbil 1936 elkarteak erahilketaren eremuan bertan igande honetan antolatu duen ekitaldian.

"Memoriarik gabe ezin garelako bakean elkarbizi, ezin dugulako bizi gizarte baketsu aske eta demokratiko batean, benetan eta bihotzez, eskerrik asko denoi". Esker hitzak izan dituzte ahotan, Usurbil 1936 elkarteak bildu ahal izan dituen zantzu askoren arabera, duela 86 urte faxistek Irubiden erahil zuten Jose Heredero usurbildarraren senideek.

Fusilamenduen eremua aurrerantzean oroimen gunea izango da, tropa faxistak Usurbilen sartu zirenetik 86 urte bete diren irailaren 18an Usurbil 1936 elkarteak Irubiden bertan egin duen oroimen ekitaldian iragarri moduan. Oroigarri bat bistaratu dute. "Zer egun polita, ze egun ederra daukagun", zioten Herederoren senideek hitza hartu dutenean. Esker hitzak izan dituzte denentzat, "Heredero sendiaren partetik, gure aitona Joxeren partetik ere". Eskerrak helarazi nahi izan dituzte, "diktadura frankistan sufritu zuten pertsonak, demokrazia, askatasuna defendatu zuten pertsonak gogoratzeagatik".

"Harro egon behar gara haietaz"
Gogoan hartu nahi izan dituzte, "gu bezala egoera berdinean daudenak". Biziki nabarmendu dute, faxistek erahildako haien senideak "modu duin batean agurtzea". Oroitu nahi izan dira askatasuna defendatzeagatik frankistek erahildakoak eta oraindik orain non dauden ez dakiten haien senideak. "Haiekin partekatzen dugu bihotzez haien mina eta haien senideez ere oroitzen gara". Eta arbasoez baita. "Amonak ezin du hemen egon, nire amak ere ez, haiek ez dute aukera izan duintasunez haien hildakoak agurtzekoa. Baina esan nahi dut aurrera jarraitzeko balorea eta gu gorrotorik gabe hezteko modua izan dutela", adierazi du Jose Herederoren bilobak. "Horregatik, gaur harro egon behar gara baita haietaz, txalo handi bat ematean haiengan ere pentsatzea nahi nuke". Bere esanetan, "hemen dago gure amonek eta amek irakatsi ziguten aldarria".