Usurbil 1936

"Faxistek hil eta lurperatu zuten herritar andanaren oroimenez"

Noaua Aldizkaria 2022ko ira. 19a, 13:23

Lore-eskaintza hunkigarria egin diote, Usurbil 1936 elkarteak Irubiden bistaratu duen oroigarriari.

Ezin izen zehatzik jarri, ez baitago erabateko ziurtasunik nortzuk eta zenbat ziren. Baina bai "herritar andana" erabil zutela faxistek 1936ko gerraren testuinguruan Irubiden. Haien oroimenez, oroigarria bistaratu du oroimen historikoa berreskuratzeko lanean ari den Usurbil 1936 elkarteak, tropa faxistak Usurbilen sartu zirenetik 86 urte bete diren igande honetan. Oroimen gunean bilakatu du aipatu eremua. Igande honetako ekitaldian bistaraturiko oroigarriak, Usurbil 1936 elkartearen esanetan, "tokiaren ezaugarri industriala islatu ez ezik, nolabait hemen hil zituztenek jaso zuten bala eta metraila ere sinbolizatzen duelako. Burdinezko blokea fusilatzen zituzten eremura zuzendua dago".

Bertaratu direnek lore-eskaintza hunkigarrian partehartu dute. Tartean, zantzu guztien arabera, bertan fusilatu eta ekitaldi honetan oroitu zituzten Jose Heredero Pinela usurbildarraren eta Juan Antonio Irulegi andoaindarraren senideek.

Hala dio Irubiden finkatua dagoen guneko oroigarriak. "Inguru honetan 1936ko kolpearen ondoren, faxistek hil eta lurperatu zuten herritar andanaren omenez, izan zinetelako gara! Usurbil 1936 elkartea eta Usurbilgo Udala".