Usurbil 1936

"Toki mingarri hau askatasun demokratikoen defentsarako, bake eta bizikidetzaren balioak transmititzeko eta oroitzapenerako gunea izatea nahiko genuke"

Noaua Aldizkaria 2022ko ira. 19a, 13:24

Hala dio 1936ko gerran fusilatzeen eremu latzetako bat izan eta aurrerantzean oroimenerako eremua izango den Irubiden, Usurbilgo Udaleko udalbatza osatzen duten hiru talde politikoek Usurbil 1936 elkarteak igande honetan aipatu ingurunean antolaturiko ekitaldian plazaratu duten adierazpenak. Herritarrek osaturiko memoria lantzearen garrantzia nabarmendu dute EHBilduk, EAJ-k eta PSE-k.  Fusilatuak gogoan hartuta, Usurbil 1936 elkarteak eginiko ahalegina eta haiek bildutako lekukotzak eskertu dituzte, testigantzen arrastoari segika ezagutu ahal izan baita duela 86 urte Irubiden jazotakoa.

1936ko altxamendu frankistaren ondotik izandako gerran faxistek hainbat lagun erahil zituen Irubide gaurtik, autoz joan-etorrien zeharkaldirako ingurunea izateaz gain, oroimenerako gunea izango da aurrerantzean. "Gure eguneroko joan-etorrietarako gune den toki honek badu hemendik aurrera esanahi berezia. Gure Gernika da. Toki mingarri hau askatasun demokratikoen defentsarako, bake eta bizikidetzaren balioak transmititzeko eta oroitzapenerako gune izatea nahiko genuke. Ahanzturaren oroimenerako leku, memoriarako espazio, memoria kontzientzia delako. Memoriarik gabe galduta geundekeelako, eta berriz errepikatzeko bermerik ez genukeelako izango. Horregatik, gerra hotsak hain gertu ditugun honetan, ez dugu dudarik demokrazia eta askatasuna eraikitzen dituela memoriak. Eta horrenbestez, memoria ez delako bakearen etsaia, aliatua baizik. Bihur dezagun memoria beraz, gizarte kohesiorako elementu eta kolektibitate berri baterako zutarri".

"Memoria landu egin behar da"
Hala diote Usurbilgo Udaleko udalbatza osatzen duten hiru talde politikoek (EHBildu, EAJ eta PSE) Usurbil 1936 elkarteak Irubiden antolaturiko ekitaldiaren baitan plazaratu duten adierazpenean, tropa faxistak Usurbilen sartu zirenetik 86 urte bete diren igande honetan.

Alkate Agurtzane Solaberrietak, EAJ-ren bozeramaile Josune Urkolak eta PSE-ren bozeramaile Francisco Suarezek ezagutzera emandako adierazpenak memoriaren garrantzia nabarmendu du. "Ez da aski memoria aldarrikatzea, memoria landu egin behar da. Egian oinarritutako memoria behar dugu. Memoria eta ahanztura antonimoak dira baina ahanzturaren antonimorik borobilena ez da memoria, egia baizik. Eta egia zabaltzen dugun aldiro, ahanzturari gerra irabazten gatzaizkio". 

"Fusilatze gune bat izan zela dioten testigantza ugari dago"
Memoriak kolektiboa izan behar duela adierazi dute udal adierazpenaren bidez, "herritarrek osatutakoa, bizia, testigantzez josia. Jakin badakigu historia beti idazten duela irabazten duenak eta urte askotan zehar, herri honetan gertatutako gauza asko kontatu izan direla ikuspuntu horretatik". Horregatik, gakoak izan diren lekukotzen garrantzia nabarmendu eta eskertu dute hiru udal taldeek. "Gaurkoan ere aipamen berezia egin nahi diegu, gerraren basakeria guztien testigu izan eta izua barruraino sartuta izanagatik ere, sistema frankistari eta inposatutako bazterketari, isiltasunari eta ahanzturari aurre eginez, ikusitakoa kontatzeko ausardia izan duten guztiei. Lekukotasun haiengatik ez balitz, gorpu asko bide bazterretan jarraituko zuketelako. Oraindik badira asko tamalez. Haiei esker, haien adore eta ekarpenari esker, gai izan gara duintasuna itzuli, memoria berreskuratu eta egia zabaltzeko eta basakeriaren eta gerraren leku izan ziren horiek, oroimen leku bihurtzeko". Gaurkoa laugarrena dute azken urte honetan; Irubiden oroimen gunea finkatu aurretik, gauza bera egin baitu Usurbil 1936 elkarteak eta Udalak Aginagako hilerrian, Zumaiako Meagasen eta baita Udarregi Ikastolan ere.

Lekukotzen arrastoek eraman dituzte bi eragileak gaurtik oroimenerako gunea izango den Irubidera. "Jakin badakigu, hemen, Donostia, Usurbil eta Lasarteko jende andana erahil eta lurperatu zutela ere. Fusilatze gune bat izan zela dioten testigantza ugari dago eta lekukotasun horiei esker dakigu Jose Heredero usurbildarra eta Juan Antonio Irulegi andoaindarra hemen fusilatu zituztela, beste asko bezala. Horregatik doakie gure besarkadarik goxoena haien senideei".

Oroimena lantzeari esker Irubiden
Duela bi urtetik herriko oroimen historikoa berreskuratzeko lanean ari den Usurbil 1936 elkarteak eginiko lana goraipatu eta eskertu du Usurbilgo Udalak. "Bi urte baino gehiago pasa dira 36ko gerrak Usurbilen eragin zuena ikertu, ezagutzera eman eta balioan jartzeko proiektua abiatu genuenetik eta nork esango zuen orduan, proiektu hau hala gorpuztu eta loratuko zenik. Proiektu honek fase eta fase bakoitzak zeregin ezberdinak izan ditu eta ditu. Partehartze fasea ireki eta proiektua herrira zabaldu zenean txalotzekoa izan da usurbildarren erantzuna. Lan horren ondorioz sortu zen Usurbil 1936 oroimen historikoaren elkartea eta askotan egin badugu ere, gaurkoan berriz eskertu nahi diegu modu publikoan egiten ari diren lana. Lan hori gabe eta Usurbilgo Udalaren ezinbesteko laguntzarik gabe gaur ez ginatekeelako hemen bilduta izango".

Gernika, Durango, Intxorta edota Bilborekin batera, Usurbil tropa faxisten erasoaldien mapan ere kokatzen lagundu du orain arte egindako lanketak. "Gutxik dakigu gure herrian, Usurbilen egun horietan izan ziren gerra fronteez, borrokez, gudariez eta faxistak Usurbil hartu ondorengo egoeraz, fusilatzeez, errepresioaz, eta horrek eragindako ondorioez, sufrimenduaz eta abar luze bat. Hain justu gaur, egun haietan basakeriaren toki izan zen gune hartan, toki hartan bildu gara".