Usurbilgo Sexuen Aholkularitza Gunearen erakusketara gerturatzeko azken egunak

Noaua Aldizkaria 2022ko ira. 20a, 08:06

Usurbilgo Udalaren Sexuen Aholkularitza Guneak antolaturiko erakusketa irailaren 22ra arte izango duzue ikusgai Sutegin.

“Gustuko dudan guztiak ez nau berotzen, berotzen nauen guztia ez dut gustuko”. Egunotan Sutegiko erakusleihoan irakur dezakezuen hausnarketetako bat da. Usurbilgo Sexuen Aholkularitza Guneak irailaren 22ra arte eseki duen erakusketatik jasoa. Bost panel guztira eta panel horiek aurreiritziez, izan ditzakegun ideia desegokiez, pentsamenduez, sexualitatean ezagutzeke izan dezakegunaz, aniztasunaz... mintzo dira.

Usurbilgo Sexuen Aholkularitza Guneak Gaztelekuarekin bideraturiko lanketatik dator Irazu kaleko kultur-etxean ikusgai duzuen erakusketa. Lanketa haren emaitzaren lagin baten modukoa da. “Nahi genuena zen jakitea hori ere bazela gune bat ere sexualitatearen inguruan hitz egiteko, beraien erotikaz, harremanez, gorputzez, nola bizitzen ditugun gorputzen aldaketak, zer ideia ditugun...”, aipatu udal zerbitzuko arduradun eta erakusketaren antolatzaile Elene Jimenezek NOAUA!-ri azaldu dionez.

Hezitzaileekin eginiko lanketaren ostean, kartel ezberdinetako galderak abiapuntu hartuta, amu gisa baliatzen zituzten 12-14 urteko gazteekin “bapateko elkarrizketan hitz egin eta atera ahal izateko beste erantzun, ideia batzuk. Pizgarriak ziren”. Kontuan hartu behar baita, hainbat uneetan “ez dugu hain erraza gai hauek ateratzea eta batzuetan behar dugu. Besteetan zirkulu txikiak ditugu horretaz hitz egiteko. Erakusketa aitzakia bat da, ondo datorkionari heltzeko”.

Lanketa honen helburua beraz, “beraiek izan ditzaketen ideiak astintzea zen. Ideia berriak ematea. Batzuk karteltxoen bidez erantzunetan agertu daitezke. Beste batzuk, hezitzaileekin landu behar zituzten”.

Lanketa hura herrira zabaldu nahi zuten eta horixe da hain zuzen, erakusketa honekin sustatu nahi dutena. “Ideia eroak ditugu, ideia okerrak ditugu. Gure ideiek gure bizipenekin zerikusi handia dute. Bizipenak subjektiboak dira, bakoitzaren, geure istorio pertsonalen araberakoak”. Zerk mugiarazten gaituen ikusteko aukera aparta Sutegiko erakusleihoan egunotan. Eta erakusketaren izenburuak dioen moduan “sexuen ibilbidean, Usurbilgo Sexuen Aholkularitza Gunea bidaidea” izan nahi du. “Gure lan egiteko modua, landu daitezkeen moduak eta gogoeta interesgarriak agertuko zaizkigu”.

Sexuen aholkularitza gunea
Lerrootan irakurri ahal izan duzuen moduan, udal zerbitzu hau Usurbilgo Sexuen Aholkularitza Gune gisa izendatu dugu. Sexuen, pluralean. Ez orain arte bezala, “sexu” hitzarekin. Jimenezek azaldu dio NOAUA!ri aldaketaren zergatia. “Sexu hitza egiten dugunarekin lotzen dugu, sexuen aholkularitza gunea ordea garenarekin”. Eta ez beraz hainbeste egiten dugunarekin. Sexuen hitza aniztasuna islatzera dator. “Gizon-emakumeak esaten dugu sarritan, baina izaki sexutuak gara, ezaugarri desberdinekin. Honek nolabait subjektu sexutuak jartzen ditu erdigunean”. Eta erdigune honetatik abiatuta, “tiraka joaten gara zer egin nahi dugun, zer egiten dugun, nola. Baina gakoa nigan edo gugan dago”, udal aholkularitza guneko kudeatzaileak gogorarazi digunez.

Eta batzuetan, ageriko garrantzia duen gako horretaz ahazten garela dio Jimenezek. Ahaztu egiten zaigu, “eta ondo funtzionatu nahi dugu, teknika huts bat balitz bezala. Baina ez da teknika hutsa, hor akats handia dago. Gauza batzuk interesgarriak dira jakitea; gorputzak ezagutzea adibidez”. Norbere desira ordea gehiago dago lotua, “garen horrekin. Gure elkarrizketaren eta mugiarazten digun horrekin. Batzuk mugitzen gaituzte eta beste batzuk ez. Eta mugimendu horretatik sortzen da zerbaiten gogoa. Modu batekoa izan daiteke zurekin eta beste batekin beste batekoa”.

Usurbilgo Sexuen Aholkularitza Guneak “informazioa, formazioa eta bikote edo bakarkako aholkularitza sexologikoa” eskaintzen jarraituko du orain arte bezala, aurrerantzean ere sexu-identitatearen, desiraren, orientazioaren, haziera erotikoaren eta gai gehiagoren inguruan. “Adin guztietako pertsonei zuzendua, edozein zalantza argitzeko. Harremanetarako zailtasunak gainditzeko laguntza” eskaintzen segiko du bideotatik: sexuaholku@usurbil.eus / 697 919 516.