Txirikorda

Txirikorda, bizilagunen etorreratik hurbilago

Noaua Aldizkaria 2022ko ira. 20a, 13:27

2023an lehen bizilagunak hartuko dituen belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa eraikitzeko lanak aurreratuak dituzten honetan, barne-funtzionamenduari lotutako hainbat urrats ematekotan da Usurbilgo Udalak udazken-negu parte honetan.

Bide luzea egin du Txirikorda egitasmoak Usurbilen. Belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioko lanak aurreratuak dituzte, Ugartondora gerturatzen bazarete ikusi ahalko duzuen moduan. 2023an herritarren komunitate batek biziberrituko du eraikina. Ordurako ordea, egiteke dauden hainbat lan edo urrats ematekotan dira hilabeteotan. Hasteko, urrian, Txirikordaren erabilera arautuko duen ordenantza onartzekoak dira osoko bilkuran. 30 egunez jendaurrean ikusgai jarriko dute eta alegaziorik ez bada, abendu erdialdean behin betiko onartutzat jotzea espero dute. Segidan, "etxeak esleitzeko prozedura hasiko genuke" urte amaieran bertan, udal gobernu taldetik aurreratu dutenez.

Eta etxeak esleitu ostean, bizilagunen komunitatea eraikitzeko lanei ekingo diete. Txirikordara bizitzera joango diren "pertsona horiekin adostu nahi dugu Txirikordaren funtzionamendua eta kudeaketarekin lotutako arlo guztiak". Garrantzitsutzat jotzen baitute, "bizilagun talde horrek bere prozesu propioak egitea, elkar ezagutzea, konfiantza eraikitzea, talde kohesionatua izatea. Txirikordarekiko ardura eta konpromisoa lantzea da gure nahia. Helburua, Txirikorda etxe gestionatu bat izatea".  Eraikin honen barne-funtzionamenduari begirako araudia ere ordenantza batean jaso asmo dute.

TXIRIKORDAREN BIDEA
Aurreko legealdian:
-Udalak ekipamendu publiko bat eskuratzen du Ugartondoko urbanizazioan.
-Ekipamendua zertarako erabili, horren inguruko azterketa bideratzen dute. Bi behar azaleratzen dira: gazteen emantzipazio arazoak eta helduen artean zegoen bizitoki egokiagoen premia. Hortik sortzen da Txirikorda proiektua.
-Hiritik At kooperatibak dinamizatu zuen parte hartze prozesua bideratzen da erabiltzaile potentzialekin 2015-19 legealdian eta bertan finkatzen dira eduki nagusiak.

2019-23 legealdian:
Besteak beste:
-Aurreko legealditik jasotako aurreproiektua exekuzio proiektu bilakatu du Usurbilgo Udalak.
-2020ko apirila: Udala eta "eremuko hitzarmen-batzarraren" arteko hitzarmen berri bat izenpetzearen onarpena. 
-2021eko apirila: Exekuzio proiektua eta exekuzio obra kontratatzeko pleguen onarpena. 
-2021eko iraila: exekuzio obrak" Construcciones Murias S.A. enpresari esleitzea erabaki zuen udalbatzak.
-2022ko urtarrila: aldaketen onarpena, Txirikorda eraikitzeko kontratuan.

Datozen urratsak:
-2022ko urria: Txirikordaren erabilera arautuko duen ordenantzaren onarpena. Sarrera-baldintzak eta esleipen prozedura zehaztuko ditu.
-Behin betiko onartu ostean, urte amaieran etxeak esleitzeko prozeduraren hasiera.
-Etxeak esleituta, Txirikordako komunitatea eraikitzeko lanketa: barne-funtzionamendua eta kudeaketa adostea. Gaiok arautzeko ordenantza onartuko du Udalak.