Energia Berriztagarrien Komunitatea eraikitzen jarraitzeko bilera gaur

Noaua Aldizkaria 2022ko ira. 21a, 08:56

Energia Berriztagarrien Komunitatea eraikitzen segitzeko bilkura deitu dute asteazken honetarako, irailaren 21erako 18:00etan Potxoenean. Hitzordu horri begira, honako idatzia helarazi dute NOAUA!ra.

Usurbilgo Energia Berriztagarrien Komunitatea, helburuak zehazten
Energia, guztion bizitza zeharkatzen duen gaia izanik, edozein pertsona edota komunitatearen ongizaterako ezinbesteko elementu gisa aitortu beharra dago. Gai hau gureganatu eta gaur egun, energiarekiko dugun lotura aztertzea beharrezkoa izango da horretarako, gizartea ahaldundu eta parte-hartze aktiboaren bitartez gure ingurunean eragin dezagun.

Herritik abiatutako trantsizio energetikoaren beharra
Gaur egun, EHan kontsumitzen dugun energiaren %10a ekoizten da bertan. Zoritxarrez, kanpoarekiko menpekotasun energetiko eta ekonomikoa elikatuz jarraitzen dugu, kontsumitzen dugun energiaren zati handiena energia fosiletan oinarritzen delarik. Eta beraz, beharrezkotzat jotzen da, energiarekiko dugun arazoa ulertzea, testuinguru honetan kokatu eta benetan sustatu nahi dugun trantsizio edo aldaketaren ardatza izateko.

Bide honetan, beharrezko informazioa bildu eta hausnarketan oinarritu nahi du Usurbilgo Energia Berriztagarrien Komunitateak (EBK). Eragile aktibo izateko bidean, elkarren arteko kohesioa eta ahalduntzea indartzeko asmoarekin. Eta erabakiak herritarron eskuetan egon daitezen, talde anitz eta zabala osatuaz, egoera eta ezagutzak partekatu eta beharrezko jakintzak biltzeko helburuarekin.

Egungo gizarte indibidualista eta kontsumistaren aurrean, herritik abiatutako alternatiba bat osatu nahi da, ezkortasun eta haserrea, modu eraikitzaile batean gainditzeko asmoz. Eta horretarako, Usurbilgo herritar, eragile, elkarte, tokiko enpresa eta Udalaren arteko lankidetza bilatuko da.

Zergatik elkartu gara hemen?
Jasangarritasuna eta kanpoarekiko dependentzia murriztea

EBK-k, herri egitasmo zabal baten forman, energia subiranotasuna eta jasangarritasuna lantzeko tresna izan nahi du. Energia krisiaren aurrean, enpresa handien abusuekiko menpekotasuna hautsi nahi du, herrian ditugun baliabideak identifikatuz eta kontzientziazio dinamika bat elikatuz. Horretarako, ezinbestekotzat jotzen du, ditugun aukerak ezagutu eta bide horretan, teknologia berriztagarrien eta jasangarritasunaren arteko oreka mantentzea.

Beraz, gure behar energetikoak aztertu eta kontsumoak murrizteko bideak uztartu nahi ditu, pobrezia energetikoari aurre egiteko bideak uztartu eta herri garbiago bat eraikitzen laguntzearekin batera.

Beharren arabera, aldaketarako eta energia autosufizientziarako gure baliabide eta proiektu propioak garatu nahi dira. Ekonomia sozial eta eraldatzailean oinarritutako, herritik abiatutako eta gure neurrira egindako proiektu parte hartzaileak sustatuz. Beti ere, ingurunearen zaintza, herritarron ongizatea eta irabazi asmorik gabeko tokiko garapen ekonomiko garden bat hauspotzeko helburuarekin.

Hausnarketa eta parte hartze iraunkorrerako taldea eratzea
Bide honetan, hurrengo urteetan zehar, jarduera iraunkor bat garatuko duen komunitate bizi eta aktibo bat osatu nahi da. Horretarako, egitasmo herritar eta zabal bat abiatu nahi delarik, modu integralean, energia trantsizioaren erronkari aurre egiteko helburuarekin.

Energiak gure elikaduran, mugikortasun ereduan, etxebizitzetako behar termiko eta elektrikoetan, lanetan, jarduera ekonomikoetan, ohituretan, familia eta harremanetan... duen harremana aztertu eta honen eragin latzenak lausotzeko tresnak garatuko dira. Horretarako, herri mailako saretzea eta kontzientziazioa uztartuko da, pertsonak ahaldunduz eta ikuspegi zabal batez, erantzukizun eta erabakitze kolektiboa oinarri duen talde eraginkor eta konfiantzazko bat antolatuaz.

Tokiko garapenerako bidea
Ingurune hurbilaren garapenerako tresna izango da EBK, eta ez da inolaz baztertzailea izango, arrazoi ekonomiko zein sozialei dagokienez. Komunitatearen bizi baldintzak hobetzea bilatuko du, bazkideen beharretara egokitutako zerbitzu eta aholkularitza garatuz eta inguruneko beste eragileekiko, erreferentzia gune bilakatuz.

Honen baitan, arrakala sozial eta ekonomiko oro gainditzeko helburua izango du, eta zehazki, pobrezia energetikoa pairatzen dutenen babesa bilatuko du.

Egungo bizi baldintzak hobetzeko bidean, komunitateko partaideei, onura ekonomiko zuzenak eskaintzen saiatuko da: proiektuen bidez energia berde eta sozialago bat bideratuz, kontsumo ohiturak aldatzeko baliabideak emanaz, edota orotariko aholkularitza eta gertuko tratu eta eskuragarritasuna bermatuz.

Tokiko garapen ekonomiko orokorrari dagokionez ostera, EBKren balioekin bat datozen proiektuetan berrinbertituko diren aurrezpenak eta lanpostuak sortzeko lan egingo du. Horretarako, bere balio eta xede sozialak partekatzen dituzten eta ahal den neurrian, bertakoak diren enpresak lehenetsiko ditu bere jarduerak garatzeko. Baita, euren aldeko EBK-an parte hartzea bilatuz eta inter-kooperaziorako bideak indartuz ere.