Geltoki berria eraikitzeko urrats gehiago

Noaua Aldizkaria 2022ko ira. 21a, 10:24

Tren geltoki berria eraikitzeko bidean, tramitazio prozesu horren baitan urrats berri bat eman du Eusko Jaurlaritzak aste hasiera honetan kaleraturiko ebazpenarekin.

Usurbilgo tren geltoki berria eraikitzeko egitasmoan urrats berri bat; Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren ebazpena jendaurrean jarri dute, "Usurbilgo geltokia eraikitzeko proiektuaren eguneratzeak» ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda" hain zuzen, aste hasiera honetako Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak (GAO) dakarrenez. Jendaurrean ikusgai izango da datozen bi asteotan. "Usurbilgo udaletxeko iragarki-oholean ere erakutsiko da jendaurrean", Eusko Jaurlaritzaren ebazpenaren arabera.

"Proiektua onartzeak inplizituki berarekin dakarren arren proiektuak ukitutako ondasunak eta eskubideak okupatu beharra, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 17.2, 18 eta 19.2 artikuluek ondasun eta eskubide horien xehetasunak jasoko dituen zerrenda egin eta jendaurrean jarri behar dela ezartzen dute, nahi duenak alegazioak eta datuak aurkeztu ahal izan ditzan, okerrak zuzentzeko eta interesdunak zeintzuk diren ondo zehazteko", berri eman du Jaurlaritzak GAO bidez. Informazio gehiago jasotzeko: irailaren 19ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.

Hitzarmena itxita
Gogoraratzen duenez, iragan uztailaren 5ean "«Usurbilgo geltokia eraikitzeko proiektuaren eguneratzea» onetsi zen". Egitasmo honen baitan, "bideak konpondu eta eraikin berria eraikiko da kokaleku berri batean. Konponbide hori egokitzat jo da egungo egoeraren problematika aztertu ostean. Halaber, sarbideak erreformatu eta geltokiaren ingurunea urbanizatzea ere aurreikusten da".

Usurbilgo Udaletik, geltoki berria eraikitzeko hitzarmena itxi zutela berri eman zuen udal gobernu taldeak uztaileko udalbatzarrean. Aste haietan Kaxkoa, Etxealdia eta tren geltokia lotzen dituen “San Esteban kalerako Udalak duen urbanizazio proiektua eta ETSren geltoki berriarena bateratzeko ahaleginetan” aritu ziren. Udalak ETS-ri bere egitasmoan aldaketa batzuk txertatzea eskatu zion, “geltoki berriak gure proiektuari kalterik egin ez diezaion”.

"Lanak esleitzeko iraila amaieran kontratazio mahaia osatuko du ETS-k", iragarri zuten. Eusko Jaurlaritzaren Lurralde, Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak uztailaren 5ean kaleratu zuen ebazpenarekin ontzat eman zuen “Usurbilgo geltokia eraikitzeko proiektuaren eguneratzea”. Lanen lizitazioa 9.758.726,19 euroan finkatu zuen, BEZ barne. Eta obrak amaitzeko 29 hilabete beharko zirela aurreikusi ere bai.

Irisgarria eta segurua
Egitasmo honen baitan, “bideak konpondu eta eraikin berria eraikiko da kokaleku berri batean”. Bai, “100 metro ekialderago”, Etxealdiatik hurbilago beraz, “egun geltokira sartzeko bi bide nagusiak” Atallu aldera nahiz Kaxko alderako bideak, “elkartzen diren tokian (hirigunearekin lotzen duen pasabidea, trenbide-igarobidea…) eta autobus-geltokiaren alboan”. Jaurlaritzaren esanetan, “etorkizuneko geltokiarentzat toki ezinhobea da”.  Aipatu pasabideok-oinezkoen komunikazio bide nagusia Kaxkoa, Etxealdia, Atallu eta Santuenea artean-irisgarriak izatea bermatuko da, “bai Usurbilgo hirigunetik, bai errepidetik eta inguruko industriaguneetatik”.

Beste jarduketa batzuen artean, egungo igarobidea erauntsi eta berria egitea aurreikusten da, akabera hobeekin, eskailerekin, igogailuarekin eta erabiltzaile guztientzat irisgarria izan dadin beharrezko elementuekin”. Usurbilgo Udalak aurreratua zuen moduan, egun Atallu, Etxealdia eta Kaxkoa lotzen dituen zubiko pasabidea luzatu egingo da eta eskilara nahiz igogailu bidez gerturatu ahalko gara geltokira. Errekalden dagoenaren antzekoa izango da. Egungoak ez bezala, berriak trenbidea gainetik zeharkatuko du eta beraz, trenbideko igarobide arriskutsua ezabatuko da. Eusko Jaurlaritzatik gaineratu dutenez, “jarduketaren ingurunea berriz urbanizatu egingo da; alboko parkea berritu eta eremua birlandatuko da”.

Oraingoan bai
Eusko Trenbide Sareak-en geltokiak estandarizatzeko eta egun hainbat geltokik dituzten arazoei eurre egiteko apustuaren baitan kokatzen da Usurbilgo geltoki berriaren eraikuntza; “hala nola, mantentze-lanen kostu handia, irisgarritasun-zailtasunak, erraietatik igarotzeko pasabidea, nasa estuak, laburrak eta unitatetik tarte handia dutenak…”.

ETS-k eskuliburu bat sortu zuen “alderdi estetikoak eta diseinua arautzeko alderdi funtzionalak zehazteko. Kontratu horren barruan idatzi zen Usurbilgo Geltokia Modernizatzeko Eraikuntza proiektua, Bilbo-Donostia linearen barruan”. 2010ean idatzi zuen ETS-k geltoki berria eraikitzeko proiektua baina alboratu egin zuen. Proiektua berridazten hasi ziren 2020an eta “Udalari hitz eman zion oraingoan gauzatu egingo dutela. Udalak proiektua egokitzeko hausnarketa egin zuen, oinezkoen mugikortasuna erosoagoa izan dadin, eta ETSri planteatu: begi onez hartu zituzten. Lizitazioa abiatzear, proiektua gauzatze bidean da” orain, Udaletik adierazi dutenez.