TRAFIKOA

20 hilabeteko epean 3 obra ezberdin egin dituzte Troia eta Txikierdi artean

Noaua Aldizkaria 2022ko ira. 20a, 17:29

Ez da broma. Troia eta Txikierdi arteko errepidea eten behar dute beste behin ere. 2020ko abendutik hona, hirutan eten dute errepideko errail bat. Eta hiru kasuetan epe luzeko lanak izan dira. Foru Aldundiarena da eskumena. Hirutan, berandu eta gaizki jakinarazi dituzte obrak.

2020ko abenduak 1: Mendi magala egonkortzeko lanak

N634 errepidean, Txikierdi eta Troia lotzen dituen eremuan, mendi magala egonkortzeko lanak hasi zituen Gipuzkoako Foru Aldundiak. Lanok tarteko, erreietako bat (Usurbil aldera etortzekoa) itxita egon zen hiru hilabetez. Semaforo bidez kudeatu zuten ibilgailuen joan etorria.

 

2022ko otsailaren 18: Errepidea hobetzeko lanak

Otsailaren 18an Troia eta Txikierdi arteko errepide zatia hobetzeko lanak hasi zituzten. Ezustean, jakinarazi gabe, trafikoan ilara luzeak eraginez. Hasiera batean, martxoaren 4an amaitzea zen Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurreikuspena. Data berria finkatu zuen gero; martxoaren 18a. Beste astebetez luzatuko zutela iragarri zuten gutxira, martxoaren 25era arte. N634 errepide ertzeko babes-horma berritu zuten lehenbizi, euste elementuak egoera arriskutsuan zeudelako. Lan hau amaitu eta segidan Troiako sarrera-irteera inguruko zatia berritu zuten.

 

2022ko irailak 21: Errepidea eta trenbidearen arteko horma sendotzeko lanak

N634 errepidea eta EuskoTren sareko trenbidearen artean dagoen horma sendotzeko lanak egingo dituela iragarri du gaur goizean Foru Aldundiak. "77 metroko luzera eta 4 metroko altuera duen horma sendotzeko, hormigoizko zapata bat erabiliko da, eta 25 zm-ko lodieran proiektatutako hormigoizko geruza bikoitz bat jarriko da, 2,50 metroko diametroko 25 mm-ko hiru buloi-ilararekin ainguratuta". Lanok egun bakarrean egingo zituztela zioen prentsa-oharrak. Noski, errata bat zegoen informazioan. Prentsa-ohar berri bat bidali behar izan dute eta hor zehaztu dute lan berri honen epea: "Bihartik, asteazkena, irailaren 21etik, abenduaren 22ra arte egongo da itxita erreia".