Aniztasun Kontseilua aurkeztuko dute datorren Mundualdian

Noaua Aldizkaria 2022ko ira. 21a, 10:42

Azaroaren 5ean jatorri aniztasuna aldarrikatuko duen ekimenaren baitan, jada lanean ari den Aniztasun Kontseilua aurkeztuko dute.

Usurbildik atera gabe herritarren jatorri ezberdinetatik barrena bidaitzea ahalbidetzen digun Mundualdia bueltan da. 2022ko ediziorako eguna finkatu dute; azaroaren 5ean ospatuko da. Momentuz, "ohiko ekitaldiren bat izango da, baina berritasunak ere izango dira tartean". Hitzordua gainera, Aniztasun Kontseilua ezagutarazteko baliatu nahi dute. Hala erabaki zuten iragan astean eginiko bileran. Bilgunea "herriko zenbait norbanakok eta eragilek osatu dute, Udalaren bultzadarekin eta partehartzearekin eta euren jardunaren berri emango dute Mundualdiaren bidez".

Aniztasun Kontseilutik bideratzen ari dira beraz, azaroaren 5eko Mundualdiaren prestaketa lanak baina Kontseiluaren egitekoa ordea ekimen honetatik haratago joango da. "Usurbil harrera herri izan dadin eman beharreko pausoak finkatu eta elkarbizitza bultzatzeko ekintzak egingo dituzte". Bide horretan, aipatu kontseilutik aurreratu dutenez, "harrera protokolo bat osatuko dute Eusko Jaurlaritzaren Biltzen zerbitzuaren laguntzarekin".