Eskolaz kanpoko kirol jardueretarako udal dirulaguntzak

Noaua Aldizkaria 2022ko ira. 21a, 10:16

Kirol jardueretan partehartzeko udal dirulaguntzak eska daitezke.

Bizi-ohitura osasuntsuak sustatze aldera, eskolaz kanpoko jardueretan partehartzea bultzatu nahi du Usurbilgo Udalak, arrazoi ekonomikoengatik inor eskaintza horretatik kanpo ez geratzea. Horretarako, udal dirulaguntza lerro batera eskabideak aurkezteko epea zabalik du martxotik; "2022. urtean norgehiagoka erregimenekoak ez diren kirol arloko diru-laguntzak eskatzeko deialdia" alegia. Lau programa jasotzen ditu laguntza deialdi honek: laguntza bereziak, taldeetako prestakuntza teknikoak, kirolarien oinarrizko osasun miaketak eta eskolaz kanpoko kirol jardueretan partehartzeko diru-laguntzak.

Eskabideak aurkezteko bi epe finkatu zituen Usurbilgo Udalak. Lehenengoa apirilaren 29ra arte. Deialdi haren behin-betiko ebazpena kaleratua du Udalak. Eskaeretarako bigarren epe bat finkatua du Udalak irailaren 1etik urriaren 28ra. Ohi bezala, eskabideak udal erregistroan aurkeztu daitezke edota telematikoki usurbil.eus atarian.

Dirulaguntza lerro honez gain, Usurbilgo Udaletik gogorarazi dutenez, "Kiroldegiko bonu eta ikastaroen kuotetan hobariak eskuratzeko aukera ere eskaintzen du Udalak, urte guztian".