2007-14 urte artean jaiotakoek ere 13. Baxurde Krossean parte hartzea zabalik

Noaua Aldizkaria 2022ko ira. 22a, 09:53

Usurbil nahiz udalerri hau inguratzen duten eskualdeetako gaztetxoek urriaren 23an ospatuko diren lasterketetan parte hartzeko aukera izango dute.

Helduentzat soilik ez, gaztetxoenek ere lasterketa agin ahalko dute urriaren 23an ospatuko den 13. Baxurde Krossean. Bi urteko etenaldiaren ostean, bueltan datorren kirol ekimen herrikoian parte hartu ahalko dute 2007-14 urte artean jaiotako usurbildarrek, baina baita antolakuntzak ohartarazi duenez, "Eskola Kirolaren legea dela eta" udalerri hau inguratzen duten eskualdeetako gaztetxoek ere. Izen-ematea zabalik dute kronoak.com atarian. Urriaren 23an 12:00etan hasiko da Umeen Krossa; bitan zatituko dute lasterketa. 

Lehenbizi 2012-14 urte artean jaiotako gaztetxoenak atera ahalko dira lasterka. 600 metroko bidea osatu ahalko dute Kaxkoan barrena. Frontoitik abiatuko dira Bordatxoko errotondora, Puntapax kaleko lehen metroak eginda Bordaberri eta Errekatxiki kaleak zeharkatuko dituzte eta handik Askatasuna plazatik gorantz pilotalekura itzuliko dira.




10 minutu beranduago abiatuko dira 2009-10 urte artean jaiotakoak. Kilometro bateko ibilbidea osatu ahalko dute. Abiapuntu eta helmuga bera izango dute, frontoia. Bertatik Mikel Laboa plaza zeharkatu eta Puntapax kaletik barrena segiko dute Aranerrekaraino. Aranerreka ondotik Errekatxiki kalea osorik zeharkatu eta Aliproxeko biribilgunetik Askatasuna plaza ondotik gorantz abiapuntura itzuliko dira.



Herriko txokoetan barrena
Gaztetxoez aritu gara lerrootan, baina helduek ere izena emateko aukera dute kronoak.com atarian. 10,9 kilometroko ibilbidea osatzeko aukera izango dute helduek, Kaxkoan eta zenbait auzoetan, landa-eremuan barrena. Amaieran ohi bezala, sariak lehen hiru sailkatu emakumezko eta gizonezkoentzat, opari bana partehartzaile guztientzat eta zozketa ederrak baita. Frontoian hasi eta amaituko da lasterketa.  

13. BAXURDE KROSSA
Eguna: urriak 23, igandea.
Ordua: 10:30-13:30.
Tokia: Usurbilgo frontoia, irteera eta helmuga.
Zehaztasunak:
10:30 10,9 kilometroko 13. Baxurde Krossa. Usurbilgo frontoian hasi eta amaituko da. Herriko Kaxkoa eta landa eremuko bideak zeharkatuko ditu.
12:00 Umeen krossa: benjaminak (2013-14an jaiotakoak) eta alebinak (2011-12an jaiotakoak). 600 metrokoa. "Lehen erdia antolakuntzagatik bideratua eta bigarren erdia beraien erritmora joaten utziko zaie, beti antolakuntzaren begiradapean".
12:10 Umeen krosa: infantilak (2009-10an jaiotakoak) eta kadeteak (2007-08an jaiotakoak). 1.000 metrokoa. "Beraien erritmora joaten utziko zaie hasieratik, beti antolakuntzaren begiradapean".
Izen ematea: urriaren 22ko arratsaldeko 16:00ak arte kronoak.com atarian. 12 euro helduen lasterketa, doan umen krosa (2007-2014 urte artean jaiotakoentzat).
Oharrak:
-Kontsigna, frontoi ondoan.
-Dortsalen banaketa, lasterketa egunean, goizeko 9:00etan hasita.
-Izen-ematea online bideratu ahalko da soilik.
-Lasterketa amaieran, lehen hiru gizon-emakumezkoentzat saria eta partehartzaile guztientzat opari bana eta zozketak (2 lagunentzako otorduak herriko tabernetan, herriko kirolari profesionalek sinaturiko arropa edota janari lote ezberdinak).
-Umeen krosean, eskualdeko edo aldameneko eskualdeko umeek parte hartu ahalko dute. Usurbilgoez gain, Donostialdea, Tolosaldea, Azpeitialdea eta Irunaldekoek. Lasterketak ez dira lehiakorrak izango.
Informazio gehiago: kronoak.com
Antolatzailea: Baxurde Txiki Usurbilgo Triatloi Taldea.