2022-23 ikasturtea

“Hizkuntza etxea da”

Noaua Aldizkaria 2022ko ira. 22a, 10:13

Irailaren 28ra arte zabalik dute matrikulazio epea Etumeta AEK euskaltegian. Zertarako ikasi euskara? Hemen euskalduntzen ari diren bi lagunen lekukotza interesgarriak.

Komunikazio tresna bat soiletik haratago, elkarbizitzarako, bizi garen toki horretakoa, bertakoa sentitzeko bitartekoa. Hala ikusi edo bizi dute geure ama-hizkuntza, ikasketa prozesu betean diren lerrootako bi lagun eta herrikideok; Eli Bellok eta Anna Puibertek.  Biak ala biak azken ikasturteotan euskalduntze bidean dira Etumeta AEK euskaltegian. Venezuelan sortua, 2016an heldu zen Usurbila Eli. Gure artera etortzekotan zela izan zuen euskararen eta Euskal Herria existitzen zenaren berri. “Hemengo berri eman zidaten. Ikertzen joan nintzen. Hona heltzean denek hitz egitzen zuten euskaraz”. Lehenago saiatu arren, ez zen talderik osatzerik izan eta iaz hasi zen euskara ikasten. “Lotsati samarra naiz eta oso baliagarria izan zitzaidan askatzeko”. Lauko taldean hasi zen. “Polita izan zen ikaskideekiko hartuemana, lagunak egin nituen”, kontatu digu Bellok.

Euskara hutsetik ikasten hastekoa denarentzat aholkagarria guztiz, aurrez aurreko klaseekin ekitea. “Oso garrantzitsua da irakasle bat alboan izatea. Bada bestela egiten duen jendea, baina ikasketa prozesua luzatzen da gehienetan. Bestalde, prestasuna izan behar duzu, argi izan leku batean geratu behar zarela bizitzen, ahalegin bat eskatzen baitizu denbora eta dedikazio aldetik”, azaldu digu Annak. Sabadellen (Katalunia) jaioa, urte askotan uda garaia inguruotan igarotakoa da Puibert. Gustuko lekuan bilakatu eta Bartzelonan bizi ostean, Bilbora etortzea erabaki zuen proba moduan, handik Donostiara gero, Lasartera segidan eta duela bi urtetik Usurbilen bizi da. Euskal Herrian bertan, bizileku aldaketa guztiotan, nabaritu du desberdintasunik euskararen erabileran. “Bilbon bizi nintzen lehen urtean kalean oso gutxi entzuten nuen. Donostian aldaketa handia sumatu nuen. Handik udalerri txikiagoetara bizitzera joanda erabilera handiagoa da”, dio Puibertek. “Hori guri ere, katalanoi gertatzen zaigu, amankomunean dugun zerbait da”, gaineratu du.



“Bertakoa sentitzea”
Katalanaren eta euskararen artean, saihestezinak diren antzekotasunak azaleratu dira Anna elkarrizketatzerakoan. Euskara ikastera bultzatu duen arrazoia esaterako. “Komunikatu ahal izatea, bertakoa sentitzea, nahiz nire nortasuna ehuneko ehunean katalana izan. Niretzat horrek berebiziko garrantzia du”, kontatu digu Annak. Oso argi adierazi zaigu. “Zuk 30 urtez leku batean bizi eta beti kanpoko gisa sentitu nahi duzu? Nik ez”. Euskara ikastea ez dela erraza, horretaz jabetzen da, baina ez du beti itzultzaile lanak egingo dizkion inoren mende egon nahi, autonomia maila bat izan nahi du. “Haurra izanez gero irakaslearekin erraz komunikatu ahal izatea, prentsa irakurtzea, jendearekin harremantzea...”. Eta bertako hizkuntzaren eta kulturaren zaintza bermatzen laguntzea. “Herri txikia da hau, denon artean zaintzen ez badugu, desagertzeko arriskuan egongo da. Denon zeregina da beraz, bertan bizi direnena eta bizitzera datozenena. Azken finean, elkarbizitza eta errespetua da. Hizkuntza komunikazio tresna bat baino gehiago da; baloreak, nortasuna, herria da, kultura, historia... Hori guztia da niretzat”. Egun aldrebesen bat duenean ohartzen da, sorterriari, Kataluniari lotzen dion zerbait bilatzen ahalegintzen dela. “Etxean sentitu nahi duzu. Hizkuntza etxea da. Ezin duzu hondatu beste pertsona batean etxea, are gutxiago bere etxe propioan”.

Ildo beretik mintzatu da baita, Eli ere. “Hemen bizi behar badugu, ekarpenen bat egin beharko dugu eta ildo horretan, euskara ikastea oso garrantzitsua da hemen bizitzeko”. Bera bezala, beste herrialde batetik gure artera bizitzera datozenei inplikatzeko deia egin die. “Zuen ama-hizkuntza da, zaindu beharra dago, hemen bizi zaretenon eta hona bizitzera gatozenon artean”.

Arreta soziosanitarioa eskaintzen duen eremuan lan egiten du, adineko euskaldunekin ari da lanean. “Euskaraz hitz egiten zuten eta nik ez nuen ezer ulertzen”, oroitzen du Elik. “Haien etxean sartzeko konfiantza ematen dute eta zer hobeto zuk zure aldetik zerbait gehiago jartzea, maitasunez lan egin ahal izatea. Horregatik matrikulatu nintzen euskaltegian, jasotakoa bueltan emateko”. Annak aipatu moduan, Elik ere gauza bera dio. “Badakit ez dela erraza, niretzat ez da erraza izaten ari. Baina nik uste dut norberak zerbait gehixeago jarri behar duela bere aldetik”, dio Bellok.

Etumeta AEK euskaltegian abian duen prozesuaren baitan, “oinarrizkoa ikasten nabil, nire lanean euskaraz moldatu ahal izateko. Egia esan, ekarpen handia egin dit”. Ez zaio erraza izan euskara ikasten hastea. “Asko exijitu diot neure buruari, batzuetan haserretzen naiz, eta halakoetan geratu beharra izaten dut, gero lasaitu eta pixkanaka segi. 20 urtez ezer ikasten egon gabe eta aldi berean lanean egonda, kosta zait bai”. Halere, segida ematekotan da Bello. Euskaltegian zabalik dute 2022-23 ikasturterako matrikulazio epea, eta izena ematekotan da Eli. “Nire lan ordutegiari erreparatu behar diot, konplexua baita. Baina euskara ikasten segi nahi dut bai”, iragarri digu Bellok. Annak ere bai, bere hirugarren ikasturtean murgiltzeko prest da.

Euskara ikasi edo maila hobetzekotan denarentzako mezua. “Animatu asko, Usurbilen oso erraz jartzen dizute. Taldean egonik ere, arreta oso pertsonalizatua eskaintzen dute”, dio Annak. Eta gogoan izateko eskatu du, “orain ereindakoa etorkizunean jasoko duzu bueltan; terraza batean esertzea, jendea agurtzea... Bi etxe dituzula sentitzea, nire kasuan bezala. Sorterria, Katalunia eta hemengoa ere sentitu ahal izatea. Pertsona baten bizimodua baldintzatzen du. Bertako hizkuntza ikasi gabe, ghettoan biziko zara eta hori ez da ona ez kulturarentzat ezta zuretzat ere, isolatua geratuko baitzara”. Ikastera doanari argi izateko eskatu dio, “hau iraupen-lasterketa bat da. Bakoitzak bere prozesua bizi dezala, ez alderatu ondokoarenarekin”.


Izen-emateko garaia
Matrikulazio epea zabalik dago Etumeta AEK euskaltegian irailaren 28ra arte. Maila guztietan trebatzeko aukera eskaintzen dute aurrez aurreko eskolen eta jarraipena bermatzen duten tutoretza zerbitzu pertsonalizatuen bidez. Azterketa ofizialak prestatzeko ikastaroak ere bai; hau da, A1, A2, B1, B2, C1, C2 tituluak eskuratzeko lanketa prozesuak. Mintzamena hobetzeko astean bi saioko ikastaroak. Aurrez aureko eskoletara joan ezin dutenentzat, autoikaskuntzaren alternatiba ere hor dute interesdunek. Eta gogoan izan, Usurbilen euskara ikastea doakoa dela, %100eko dirulaguntzak eskaintzen ditu Udalak euskalduntzeko, baldintza zehatz batzuk beteta; errolda, asistentzia... Ikasturte amaieran, ekainean bideratzen dira dirulaguntza eskaerak.

Matrikulatzeko ordutegi honetan joan gaitezke Nagusia kalea 43, behea helbidean kokaturiko Etumeta AEK euskaltegiaren egoitzara: astelehenetik ostegunera, 11:00-13:00 artean edo 17:00-19:30. Ostiraletan goizez bakarrik, 11:00-13:00 artean. Informazio gehiagorako: 607 609 379 / usurbil@aek.eus