Kontuhartzailetza posturako hautagaien behin-betiko zerrenda onartu eta lehen frogak iragarri ditu Udalak

Noaua Aldizkaria 2022ko ira. 23a, 08:51

Aurrerabidean du Usurbilgo Udalak kontuhartzailetza lanpostua betetzeko deialdia.

Usurbilgo Udalak bigarren mailako kontuhartzailetza lanpostua "bitarteko izaeraz eta oposizio-lehiaketa sistemaren bidez" betetzeko prozedura abian du. Prozedura horren baitan urrats berri bat eman du, ostiral honetan, irailaren 23ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaraturiko iragarki bidez ohartarazi duenez. Deialdira aurkezturiko hautagaien onartu zein baztertuen behin-betiko zerrendak onartu ditu Udalak, eta horrekin batera, prozesu honetako lehen bi frogen hitzorduak finkatu ditu; datorren urriaren 4an izango dira, goizeko 9:30etan hasita Oiardo Kiroldegian.

Uztailaren 27tik abuztuaren 10era izan zuten interesdunek eskaerak aurkezteko epea. Deialdira, 71 hautagai aurkeztu ziren. 68 izan ziren onartuak, 3 baztertuak. abuztuaren 30eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zituzten behin-behineko zerrenden arabera.

Bi lan poltsa
Kontu-hartzailetza lanpostua bitarteko funtzionario batek betetzeko hautaketa prozesua egitea da deialdiaren helburua, oposizio-lehiaketa sistema bidez (azterketa), lanpostu hori Espainiako gaikuntza nazionaleko Toki Administrazioko funtzionario batek bete arte. Postu hori eskuratzeko baldintzen artean dago 3. edo 4.n Hizkuntza Eskakizuna egiaztatzea: lehentasunez, 4. HE dagokio, baina izangai batek berak ere ez badu hori egiaztatzen, 3. HE aplikatuko zaio".

Prozesuaren amaieran, bi lan poltsa osatuko dira. Lehenengoa, 4HE egiaztatuta izan eta hautaketa prozesua gainditu duten izangaiek osatuko dute; bigarrena, 3HE egiaztatua izan eta hautaketa prozesuko oposizioa gainditu dutenek.

Izena emateko bete beharreko eskaera orriak ere deialdiarekin batera argitaratu dituzte. Xehetasun gehiago udalaren webgunean.